Birigarroen txistu hotsa
Sorpresaz eta ilusioz beterik dator aurten Idiazabalgo txistularien alardea. Urteurren borobila dute aurtengoa, 25 urte bete baitira, gaur egungo formatoarekin, lehenengo ...
Sorpresaz eta ilusioz beterik dator aurten Idiazabalgo txistularien alardea. Urteurren borobila dute aurtengoa, 25 urte bete baitira, gaur egungo formatoarekin, lehenengo alardea egin zutenetik. Hori horrela, ez dute edonola ospatuko; aurtengoa, ekitaldi bete-betea izango da. Horrez gain, San Blas jaietako pregoilariak ere izendatu dituzte Idiazabalgo Birigarroa Txistulari Elkartekoak, herriko kulturgintzari egiten dioten ekarpenagatik.
Horrelako ekitaldi bat antolatzeak lan handia dauka atzetik. Naxario Telleria eta Xabi Elortza Birigarroa Txistulari Elkarteko kideak dira. Ez hori bakarrik, Telleria izan zen Idiazabalgo txistularien alardearen sortzailea: «Denbora asko behar da horrelako ekitaldi bat prestatzeko, horregatik, guztia koordinatzen irailean hasi giren», kontatu du Telleriak.
Aurten, herriko kultur eragile gehienek parte hartuko dute alardean; «txistulariak, abesbatza, perkusionistak, dantzariak, haurren danborradakoak, kantujira, herriko txalapartariak, herritar desberdinak bakarlari modura eta musika eskola haurrek», azaldu du Elortzak. Ehundik gora lagun guztira, Iñaki Telleriaren gidaritzapean. Telleriak, orain dela 10 bat urte hartu zuen bere aitak, Naxariok, pasatako lekukoa.
Zuzendariak eta ikuskizunean parte hartuko duten guztiek lan handia egin dute larunbatean, Zelaa kiroldegian, kalitatezko ekitaldi bat eskaini ahal izateko. Entseguak baino lehenago, joko dituzten piezak aukeratu eta moldatu egin behar izan dituzte, txistuarekin jo ahal izateko. Iñaki Telleria bera aritu da lan hori egiten.
Alardearen sorrera
Telleriak gogoratu du alardearen moduko ikuskizun bat Donostian ikusi zuela lehenengo aldiz. Garai batean, herriko plazan kontzertua ematen zuten txistulariek baina zerbait handiagoa egin zitekeela uste zuen Telleriak. Horrela hasi zen orain dela 25 urte, gaur egun oraindik oso bizirik jarraitzen duen emanaldia.
Larunbatekoan gainera, sorpresaren bat edo beste ere egongo da. Telleriak berak aurreratu bezala, berak konposatutako danborradari letra jarri dio Jabier Lizarazuk eta alardean hori ere joko dute, abesbatzak lagunduta.
Txitulariak jaietan
Idiazabalgo txistulariek hainbat hitzordu dituzte San Blas jaietan.
- Urtarrilak 27, larunbata: Txistulari ohien kalejira, 19:30ean. Txistularien 25. alardea, Zelaa kiroldegian, 20:00etan.
- Otsailak 2, ostirala: Jaietako pregoia. Udaletxean,20:00etan.
- Otsailak 3, larunbata: Txistularien kalejira, 10:00etan.