Sarraldeko lokaletan 18 taldek entseatuko dute otsailetik aurrera
Musika taldeak otsailean hasiko dira Sarraldeko entsegu lokalak erabiltzen. Lau lokal egokitu dira eta 18 taldek entseatuko dute. Urretxuko eta Zumarragako udalekin erabilera araudi bat adostu dute eta txartel batekin
Musika taldeak otsailean hasiko dira Sarraldeko entsegu lokalak erabiltzen. Lau lokal egokitu dira eta 18 taldek entseatuko dute. Urretxuko eta Zumarragako udalekin erabilera araudi bat adostu dute eta txartel batekin sartu eta irtengo dira.
Egitasmo honetan bi udalek, aldundiak, jaurlaritzak eta gazteek lan egin dute. Aldundiak itsas garraiorako erabiltzen diren zortzi edukiontzi eman ditu entsegu lokal bezala egokitzeko eta jaurlaritzak 53.000 euroko diru-laguntza eman du.
Atzo, Eusko Jaurlaritzako bi ordezkari Sarraldera etorri ziren, lokalak ikustera: Beatriz Altolagirre Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua eta Ander Añibarro gazteria zuzendaria. Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak egin zituzten gidari lanak.
Altolagirrek eskerrak eman zizkien bi udalei proiektu hau aurrera ateratzeagatik. «Egitasmo berri eta berezia da. Gazteen aldekoa. Oso garrantzitsua da».
Elkarlana
Instituzioen arteko elkarlana ere goraipatu zuen. «Londres, Berlin eta Bilbo bezalako hiri garrantzitsuetan bezala, industri eremuak berreskuratzea lortu duzue, instituzioen elkarlanari esker. Garai batean Sarralde lantegiak aberastasun ekonomikoa ekarri zuen eta orain utzita zegoen eremu bati beste erabilpen bat ematea lortu da. Gaz- teentzat aukera bikaina da, ez bakarrik kultura eta aisialdi aldetik, baita ekonomikoki ere. Etorkizunean lanpostuak sor daitezke. Beharbada hemen entseatuko duen talderen batek arrakasta izango du. Nork daki?».
Luquik jaurlaritzaren laguntzari esker lokalak azkarrago egokitu ahal izan dituztela esan zuen. Berak ere elkarlanak eman dituen fruituak goraipatu zituen. «Egitasmo hau aurreko legealdian jarri zen abian, eremu hau berreskuratzeko. Taldeekin araudi bat adostu dugu, kutsatuta zegoen eremu bat garbitu dugu… Traineru honetan udalok, jaurlaritzak, aldundiak eta musikariek egin dugu arrau-nean. Helmugara iritsi gara ja».
Serranok jaurlaritzari, aldundiari eta musikariei eskerrak eman zizkien. «Egitasmo honek bi proiektu batzen ditu: taldeek entsegu lokalak edukiko dituzte eta jasangarritasunaren alde lan egin dugu. Joan den mendeko eraikin honi eta edukiontziei erabilpen berri bat eman diegu. Esperientzia pilotua da eta ziur aurki beste herri batzuetan ere antzeko zerbait egingo dutela», aipatu zuen.
Sarralden zortzi edukiontzi erabili dituzte lau entsegu lokal egiteko. Komunak ere jarri dituzte eta beste ekitaldi asko egiteko tokia dago.
Lehen entsegu lokalean Arri eta Jasotzaileak, Gatazka, Hi Exekutibo eta Trikuarri taldeek entseatuko dute. Bigarrenean, DNI, Hopelesness, Pat Benetan, Sewers, T. Kennedy eta Veiculo Longo arituko dira. Hirugarrenean, berriz, Adiktos al Kaos, Godsuck, Las Tuerkas eta Psikosomatikos taldeek entseatuko dute. Laugarrenean, Fits, Hiru Galduak, Menphis Mafia eta Txoki Band arituko dira.
Beste hiru talde Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean entseatzen ari dira. Izan ere, hip hop taldeak direnez, ez dute horren bolumen altua erabiltzen. Hiru talde hauek Agresion Verbal, Throw Rap eta Artilleria Pesada dira.