Gerriko ikerlan-bekaren fruitua da ostiralean aurkeztutako lana. Goretti Soroa, Aitor Aritzeta eta Nekane Balluerka dira egileak. Goierriko 200 gazteren iritziak biltzen ditu
Iazko Gerriko ikerlan-bekarekin bideratutako liburua aurkeztu zuten Lazkon, ostiralean. Beka aurrera eramaten dutenez gain, liburuaren egileetako bi ere bertaratu ziren, Goretti Soroa eta Aitor Aritzeta hain zuzen ere.
Proiektuko gaia hautatzerako garaian, hezkuntza eta ikerketaren aldeko apustua egin nahi izan zutela nabarmendu zuten antolatzaile zein epaimahaiko kideek. Sormen emozionalak hezkuntzan, eta gehienbat gazteetan, sustatu nahi izan dituzte.
Idazleek ere hartu zuten hitza ondoren. Liburuaren nondik norakoak xehetzerako garaian, Goretti Soroak zientzia eta gazteak lotzen dituela lanak adierazi zuen. Gaia arlo teorikoan jorratzeaz gain, modu praktikoan erabilgarri diren atalak ere badituela azaldu zuen.
Sormen emozionalaren kontzeptua gizarteratu nahi zutela azaldu zuen Aitor Aritzetak. Aurrez gaiak ibilbidea izan arren, sormena definitzera eta honen beharra izatera iritsi nahi zuten.
Liburuko ikerketa lana burutzeko, Goierriko 200 gaztek hartu dute parte. Beren hitz nahiz emozioak pilatu dituzte, modu dinamiko eta dibertigarrian azaltzen saiatu direla esan zuten idazleek.
EHUk ere parte hartu du
Lehen urtez egin du bat Euskal Herriko Unibertsitateak Gerriko ikerlan-bekarekin. Jon Zarate, euskara eta etengabeko prestakuntzarako errektoreordea izan zen aurkezpenean unibertsitateko ordezkari modura.
Unibertsitatearen euskarazko ikerketa lanak bultzatzeko nahia aitortu zuen errektoreordeak. Irakaskuntzarako eta ikerketarako entitatea izateaz gain, honelako proiektuen hedapenean ere esku hartu nahi dutela adierazi zuen.
Hitzordu gehiago daude
Aurtengo proiektuei ere egin zitzaien tartea. Bost proiektu daude guztira epaimahaiaren eskuetan. Ikerlan-beka berria nori egokituko zaion martxoaren 16an jakinaraziko dute.
Ekitaldi berean, beste liburu bat ere aurkeztuko da, Goierriko turismo industrialaren ingurukoa. Goizalde Hernando eta Galder Guenaga dira honen egileak.