Behi munduko Rolls Royce-ak
Rolls Royce autoak munduko dotoreenak dira. Estimatuenak. Behien artean ere badago estima berezia duen arraza bat: limusin arraza. Frantzian dute jatorria, baina mundu osora hedatu dira klima guztietara egokitzen direlako
Rolls Royce autoak munduko dotoreenak dira. Estimatuenak. Behien artean ere badago estima berezia duen arraza bat: limusin arraza. Frantzian dute jatorria, baina mundu osora hedatu dira klima guztietara egokitzen direlako eta pisua oso azkar hartzen dutelako. Urretxun eta Zumarragan ere badaude behi horiekin lan egiten duten baserritarrak: Olarte eta Dornaldegi baserrikoak, hain zuzen ere. Asteburuan Italian egin den lehiaketa batean egon dira eta Olarteko Iñaki Zunzunegik urrezko domina bat irabazi du.
Asteartetik igandera bitartean egon ziren Italian, Europa mailako lehiaketa batean. Helburua herrialde ezberdinetako behiak konparatzea zen. Espainiako federazioak hamar behi eraman zitzakeen eta bi Urretxukoak eta Zumarragakoak izan ziren.
Dornaldegin eta Olarten urte asko daramatzate haragitarako behi horiekin lanean. Bi baserrietan ugalketarako hazten dituzte. Ahalik eta abere onenak hazten saiatzen dira eta ondoren ganadutegi handietara saltzen dituzte. «Aitak txerriak eduki zituen eta ondoren haragitarako behiak». 1984an limusin arrazako behiak erosi zituzten. Oso argi du zergatik hartu zuten erabaki hura. «Munduko arraza onena delako hasi ginen limusinekin lanean», azaldu du Olarteko Iñaki Zunzunegik.
Dornaldegikoak ere 1980ko hamarkadan hasi ziren limusinekin lanean. «Lehen mestizoak eta esnetarako lauzpabost behi genituen. Aitak arraza honen aldeko apustua egin zuen eta asmatu egin zuen».
Mundu osoan
Geroz eta toki gehiagotan ikus daitezke limusinak. «Afrikan, Asian, Europan… daude. Oso ondo egokitzen dira klima guztietara. Hasi berotik eta hotzeraino. Gainera, jaten duten guztia haragi bihurtzeko gaitasun handia dute. Hala, oso errentagarriak dira», dio Zunzunegik.
Elgarresta iritzi berekoa da. «Arraza honen sorlekua Frantzia da, baina Espainian eta Euskal Herrian ere oso errotuta dago. Italian ere arraza hau indartzeko lan egiten ari dira. Arraza hau toki guztietara egokitzen da. Elurra, beroa, hezetasuna… dena jasaten du. Hori dela eta, 70 herrialde baino gehiagotara zabaldu da: Australia, Hego Afrika, Kanada…».
Zunzunegik aipatu bezala, limusin arraza ekonomikoki oso errentagarria da. «Erditzeak oso errazak dira eta urtebetean kilo asko hartzen dituzte. Hori oso ona da, bai baserritarrontzat bai harakinentzat. Zenbat eta kilo gehiago hartu denbora laburragoan, hobe», gaineratu du Elgarrestak.
Olarteko eta Dornaldegiko behiak oso preziatuak dira. Lehiaketa asko irabazi dituzte, herrialde ezberdinetan. Baita Bordeleko (Frantzia) feria ospetsuan ere. Lehiaketa horietan animalien morfologia begiratzen dute. Behiak Rolls Royce-ak baino dotoreago eraman behar dira. «Garrantzitsuena elikadura eta zainketa dira, noski, baina lehiaketetara aurkeztu aurretik garbitu eta orraztu egiten ditugu», esan du Zunzunegik.
Gainera, ibiltzen irakasten diete. «Txikitatik sokatik ibiltzen irakasten diegu, zaldiei bezala». Lehiaketetan sokarekin ateratzen dituzte eta ibili egiten dira. Rolls Royce autoen gidariak gorbata eta guzti joaten dira eta limusin behien gidariak ezin gutxiago izan! Italian Elgarresta eta Zunzunegi gorbata eta guzti atera ziren agertokira. «Limusinen elkarteko gorbata erosi beharra izan nuen. Bizitzan lehenengoz jarri nuen gorbata». Baserriko behi kuttunek horrenbeste merezi dute!