Elurrak 200 metrotik behera ere zuritu du
Urretxun, Zumarragan eta Legazpin, esaterako, kaleak eta errepideak ere estali ditu elurrak. Makinak lanean ari dira goizetik eta bideak zabaldu dituzte, baina tentuz ibiltzeko deia egin dute. Urretxuko Udalak “beharrezkoa ez bada kotxerik ez” hartzeko eskatu du. Beheko haranetan ere, gutxiago bada ere, elurra egin du.
Legazpin ere kale eta espaloiak estalita daude goizetik. Anbulategia 20 minutu beranduago zabaldu dute, zirkulazio arazoak zirela eta. Autobusak ere, ohi baino beranduago dabiltza gaur goizean.
Ormaiztegi, Zegama eta Ataun, besteak beste, zurita esnatu dira. Errepideak ordea, garbi daude eta ez dago arazorik zirkulazioari dagokionean.
Errepideetan ere izan du eragina elurrak. Gauean eten egin dute N-1 errepideko zirkulazioa Etzegaraten, baina goizaldeko 05:00ak aldera, elurra kentzeko makinek bidea garbitu eta atzera zabaldu egin dute bidea.
Egunak daramatzate elurra eta alerta egoera iragartzen, eta azkenean zuritu du Goierriko hainbat tokitan. Bart gauean hasita goizaldera arte, elurra mara-mara erori da, eta goizean, zurituta esnatu dira hainbat herri.