Goierriko hainbat pertsonaia ezagunek babesa eman diote Hitzartu egitasmoari
Hondakinen kudeaketaren inguruan herritarren parte-hartze prozesu bat bultzatzeko asmoz sortu dute Hitzartu egitasmoa. Gipuzkoa mailako ekimena da, eta eskualdez eskualde ari dira aurkezten. Goierri mailan, atzo egin zuten aurreneko saioa, Beasainen. Sektore ezberdinetako eskualdeko hainbat pertsonaia ezagunek bat egin dute Hitzartuk proposatzen duen prozesuarekin.
Etxeko Hondakinen Kudeaketarako Plangintza berri bat egitea da Hitzarturen helburu nagusia. Horretarako, herritarrek artean “eztabaida plurala, anitza, transbertsala eta irekia” bultzatu nahi dute, erabakitzeko prozesuetatik kanpo dauden gizarte sektoreak ere kontuan hartuta. Herritarren arteko eztabaida zibiko horretatik abiatuta, “egungo eredu inposatuaren aurrean alternatiba tekniko eta arrazoituak” daudela erakutsi nahi dute.
Bi mahai osatzea proposatzen dute horretarako. Batetik, mahai soziala edo eztabaida mahaia; bertan herrialdeko sektore eta herritar elkarteen ordezkariek eta interesa duten norbanakoek parte hartu ahal izango dute, beraien ideia eta proposamenak aurkeztuz. Bestetik, mahai teknikoa osatuko dute; herritarren proposamenetatik abiatuta, plangintza integralaren edukiak eta idazketa formala egitea izango da bere ardura. Ondoren, plangintza hori Gipuzkoako erakundeetara aurkeztuko dute, bertan eztabaidatu eta onar dezaten.
Hitzartu egitasmoa babestu dutenak: · Ainhoa Moiua (zeinu hizkuntzako irakaslea) · Amelia Jauregi eta Eli Elgarresta (artzainak) · Garikoitz Nazabal (baserritarra) · Iñaki Azurmendi (aizkolaria) · Iker Irribarria (pilotaria) · Iñaki Murua (bertsolaria) · Aitor Sarriegi (bertsolaria) · Iñaki Apalategi (bertsolaria) · Iker Zubeldia (bertsolaria) · Elixabete Garmendia (kazetaria) · Ion Telleria (kazetaria) · Jon Ordoñez (kazetaria) · Xabin Fernandez (kazetaria) · Jakoba Errekondo (agronomo eta paisajista) · Martin Alustiza (pilotari ohia) · Xabi Arakama (musikaria) · Aitor Furundarena (musikaria) · Xabier Mendiguren (idazlea) · Iker Markinez (sukaldaria)