Belaunaldi arteko lasterketa egingo dute, Kilometroak festaren alde
Urretxu-Zumarraga ikastolak belaunaldi arteko lasterketa antolatu du, Kilometroak festaren alde. Hilaren 24an izango da, 16:30ean, Areizaga-Kalebarren plazan. Aurtengo Kilometroak festaren leloa Zubiak batuz da eta horri tiraka antolatu dute ekitaldi
Urretxu-Zumarraga ikastolak belaunaldi arteko lasterketa antolatu du, Kilometroak festaren alde. Hilaren 24an izango da, 16:30ean, Areizaga-Kalebarren plazan. Aurtengo Kilometroak festaren leloa Zubiak batuz da eta horri tiraka antolatu dute ekitaldi hau:?belaunaldiak batzea da helburua. Horretarako, bikoteka hartuko dute parte eta bikoteko bi kideen artean gutxienez 20 urteko aldea egon behar da. Beste helburu bat mundu guztiak jai giroan ondo pasatzea da. Hala, nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute.
Lau kategoria egongo dira. Lehena, Haur Hezkuntzako haurrena da. Hauek 500 metroko ibilbidea osatuko dute. Areizaga-Kalebarren plazatik Zumarragako udaletxera joango dira eta. Urretxu eta Zumarraga batzen dituen zubia pasa eta gero, abiapuntura itzuliko dira.
Ondoren, Lehen Hezkuntzako 1. eta 4. maila arteko ikasleen txanda izango da. Hauek bi itzuli emango dizkiote aipatutako ibilbideari. Hirugarren kategoria Lehen Hezkuntzako 5. maila eta DBH2koen artekoena izango da. Maila honetako parte hartzaileek 2,8 kilometroko ibilbidea osatuko dute: San Silbestre eguneko lasterketan egiten den berbera. Azkenik, DBH3tik aurrera-koek 5,6 kilometro egingo dituzte: San Silbestre eguneko ibilbidea bi aldiz egingo dute.
Helburua adin askotako jendea elkartzea eta denek ondo pasatzea denez, antolatzaileak lehen hiru kategoriatako korrikalariekin batera arituko dira. Musikaren laguntzaz erritmoa markatuko dute eta haurrek amaieran bakarrik izango dute lehiatzeko aukera. Lasterketak irabazle bakarra izango du: azken kategoriakoa.
Izen-ematea gaur bertan ireki dute. Hilaren 23ko 12:00ak arte egongo da zabalik. Kilometroak festaren webgunean eta ikastolako eta lizeoko idazkaritzetan eman daiteke izena. Bikote bakoitzak 8 euro ordaindu behar du. Egunean bertan ere eman ahal izango da izena, 10 euroren truke.
Hilaren 24koa Zubiak Batuz triatloiko lehen kirol proba izango da. Maiatzean bigarrena egingo dute (Mendimetroak) eta irailean hirugarrena (Ziklometroak). Bi ekintza horietan Gipuzkoako 29 ikastolak inplikatuko dituzte. Mendimetroak delakoan ikastola guztiek mendi ibilaldi bana egingo dute, egun berean. Guztiek argazki bat aterako dute eta 29 argazki horrekin muntaia bat egingo dute. Ziklometroak proban Gipuzkoari bira emango diote bizikletan, erreleboka, Urretxu eta Zumarragatik irtenda.