Gure Esku Dagok 2018ko egitasmoak aurkeztu ditu
Gure Esku Dagok 2018ko egitasmoak aurkeztu ditu gaur Zumarragako kultur etxean. Dinamika hau 2013an sortu zen hiru oinarrirekin: herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da. 2018ko helburua
Gure Esku Dagok 2018ko egitasmoak aurkeztu ditu gaur Zumarragako kultur etxean. Dinamika hau 2013an sortu zen hiru oinarrirekin: herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da. 2018ko helburua oinarri horiek sendotzea izango da. Horretarako, Herritarron Itunean erabakitzeko ditugun arrazoiak jaso nahi dituzte. 2019 arrazoi bildu nahi dituzte, 2019a erabakitzeko urtea izan dadin lan egin behar baitute.
Herritarron Itunak hiru fase izango ditu. Datorren astetik aurrera mahai-inguruak egingo dituzte hiriburuetan eta ekitaldi horietan erabakitzeko arrazoiak bilduko dituzte, herri eta eskualdeetan arrazoi gehiago biltzeko ekintza parte hartzaileak egingo dituzte eta ekainaren 10ean jasotako arrazoi guztiak plazaratuko dituzte. Goierrin mintegi bat egingo dute arrazoiak jasotzeko, martxoaren 17an. Bestalde, ekainaren 10etik aurrera erabakitzeko eskubidearen alde dauden sektoreen arteko konplizitateak josiko dituzte.
Ekainaren 10ean, jasotako arrazoiak plazaratzeaz gain, Donostiatik abiatu, Bilbotik pasa eta Gasteizko Legebiltzarrean amaituko den giza katea egingo dute. 201,9 kilometro izango ditu eta 100.000 pertsona behar dira. Goierriri 5.000 lagun dagozkio. Goierritarrak Arabako lautadara joango dira, Zuia eta Murgia aldera.
Ekitaldi hau finantzatzeko, parte hartzaile bakoitzari zapi bat emango zaio 5 euroren truke izena ematen duenean. Bi aukera egongo dira izena emateko: Internetez edo norberaren herriko Gure Esku Dago taldearekin harremanetan jarrita. Kamiseta berriak ere atera dira, bata zuria eta bestea berde-urdina. 10 eurotan jarriko dira salgai.