Mari Karmen Odriozola, Ordiziako Barrena parkean. Arg.: I. Gurrutxaga
Euskarak eta harekiko maitasunak eraman zuen Odriozola urte askoan komunikazioaren langintzaren aritzera. Urteek emandako eskarmentutik hitz egiten du, umiltasuna gidari. Bere barrua beste balio batzuekin betetzea du orain helburu.
Hiru hamarkadatan Euskadi Irratiko esatari eta hamaika ekitalditako aurkezle izan da Mari Karmen Odriozola Eguren (Ordizia, 1951). Iraganaz baino, orainaz eta geroaz hitz egitea du gustukoago. Euskara, eta emakume bezala askatasunez eta duintasunez bizitzeko aukera izatea, horiek izan dira bere bi iraultzak. Eta baita mistikaren mundua eta yoga ere; gaur egun hor kokatzen du bere burua. Umeekin, balioak lantzen eta zaintzen ditu yoga klasikoaren eskoletan; taldearen balioak, berekoikeriatik ihesi.
Suma daiteke ez zarela elkarrizketak eman zalea. Ez dago zure erreferentzia askorik sarean. Nolatan?
Ez naiz batere zalea, ez, eta Interneten ere ez zenuen gauza handirik topatuko. Ez naiz zalea, baina gazteleraz badago esaldi bat dioena inor ez dela profeta bere herrian, eta niri ere horrelako zerbait gertatu zait. Eskatu ere, ez didate askorik eskatu. Euskara izan da nire iraultzetako bat.
Baina eskatu izan dizutenean…
Eskatu izan didatenean bai, eta beti komentatu izan didate, halako ikasketak ditudala, irratian lan egin dudala, honetan eta hartan nabilela… Nik ez dut puztu nahi nire curriculuma, hori iragana da. Nik orain, puztu baino gehiago, hustu egin nahi dut. Bete nahi dudana da nire barrua, baina beste balio batzuekin. Nik bakea behar dut, lasaitasuna behar dut, maitasuna behar dut… balio horiek neureganatu nahi ditut nolabait, eta barrua hustu. 66 urte ditut orain, eta alde egiteko ere prestatu beharra daukagu.
Erosoago sentitu izan zara beste aldean, galderak egiten.
Dudarik ez! Ikaragarri gustatu izan zait elkarrizketak egitea; gertuko elkarrizketa hauek batez ere, pertsonalak.
Baina, era berean, elkarrizketak egitea iruditu izan zaizu kazetaritzaren alderdirik zailena. Zergatik?
Bai. Zailenetakoa hori da, baina parean duzuna zeureganatzen duzunean, zoragarria da hor sortzen den joan-etorri hori. Hor, jada, ez dakit galdera-erantzunik badagoen, azkenean bestea ere husten hasten baita. Baina puntu hori lortu behar duzu.
Eta nola lortzen da hori?
Enpatiarekin. Uste dut enpatia dela mundu honetako baliorik handienetakoa, jakinda bestea zure parean dagoela. Besterik gabe.
Umetatik garbi izan omen duzu komunikazioan lan egin nahi zenuela, baina ez omen dakizu zergatik piztu zitzaizun grina hori.
Begira, ni izan naiz, seguru asko, Ordiziako pertsonarik lotsatienetakoa, eta oraindik ere hala naiz. Ikasia da orain azaltzen dudan aurpegia. Txikitan ere beste hainbeste gertatzen zitzaidan, baina oso-oso txikitatik jakin izan nuen komunikazioa gustatzen zitzaidala. Pentsa, kontraesan bat ematen du, ezta?
Ez du zertan hala izan.
Badaukat istorio oso polita, behin baino gehiagotan kontatu izan dudana: umea nintzela, 5 edo 6 urte nituela, lehenengo irratia ekarri zuten gure etxera, eta ez nuen ulertzen zeinek hitz egin zezakeen han. Ahotsak entzuten nituen, musika entzuten nuen, baina ez nuen ulertzen. Egun batean, bazkaltzen ari ginela, gurasoei galdetu nien ea hor zeinek hitz egiten zuen, eta aitak esan zidan: “Hor, ipotx txiki batzuk daude”. Magikoa iruditu zitzaidan erantzun hura; irudimena lehertu zitzaidan momentu hartan. Orduak eta orduak ematen nituen ipotxak irratitik ateratzen noiz ikusiko ote nituen zain! Pentsa ezazu zein inozoa nintzen.
Eta hara kontuak nola diren, gero zu izan zara urte askoan ipotx horietako bat.
Hala da. Jende askok pentsatuko zuen baita ere nire ahotsaren atzean nor ote zegoen; irratiak hori baitu, norberak irudikatu egiten duela atzean nor egon daitekeen. Eta, seguru asko, ez du izango zerikusirik zure irudiarekin.
Baina irratira iritsi aurretik, bestelako lanetan aritu zinen, eta eskola ere garaiz utzi behar izan zenuen. Garai hartako nolako oroitzapenak dauzkazu?
Nik ikasi egin nahi nuen, baina gurasoek esan zidaten ez zegoela ikasterik, lanera joan beharra zegoela. Urteetan, Otegi-Enean aritu nintzen jostun bezala. Gero, gauetan, beste lantxo batzuk egiten nituen, eta diru horrekin eskola partikular batzuetara joaten nintzen, ikasi egin nahi nuelako nik. Egia esan, ez dugu gehiegi ikasi, baina ahalegin handiarekin ikasi dugu ikasi dugun hori.
Zerbait ikasi duzu. Irakasle ikasketak badituzu, Filosofia bosgarren mailara arte… Haurtzaindegia ere jarri zenuten martxan Ordizian; ama ere izan zinen. Urte gogorrak izan zenituen garai hartan!
Oso gogorrak! Lorik egin gabe, atzera eta aurrera. Eskerrak amak lagundu zidan umeekin. Izugarria izan zen garai hura!
Gaur egungo bizimodua ezingo litzateke ulertu haurtzaindegirik eta antzeko zerbitzurik gabe. Kontziliazioan aurreratu dela iruditzen al zaizu?
Apenas. Oso gutxi. Oraindik ere emakumeak hartzen du kargarik handiena, zoritxarrez. Umeen zaintza, etxeko lanak… Egia da gehiago inplikatzen dela gizonezkoa, baina inplikazioa da, laguntzea. Hala ere, oraingoak ez dauka zerikusirik gure belaunaldiarekin.
«Oraindik ere emakumeak hartzen du kargarik handiena, zoritxarrez. Umeen zaintza, etxeko lanak… Egia da gehiago inplikatzen dela gizonezkoa, baina inplikazioa da, laguntzea»
Komunikazio lanera inguratzeko aukera izan zenuen 1980ko hamarkadaren hasieran.
Haurtzaindegian nenbilela jakin nuen Eusko Jaurlaritzak ikastaro batzuk antolatu zituela irrati bat eta telebista bat martxan jarri nahi zituelako. Ez neukan ezertarako betarik, baina ikusi egin nahi nuen hura zer zen. Azterketa bat egin ziguten, eta aurrera. Aurrena, telebistarako; baina neure burua ez nuen ikusten han, eta bi urteko ikastaroa egin nuen gero irratirako. Orduan ez zizuten eskatzen titulurik; euskara zen.
Zure iraultza euskara izan dela esan duzu lehen, eta euskarak eraman zintuen irratira. Ordizia garai hartan ez zen oso euskalduna. Zuri nondik datorkizu euskalduntasun hori?
Ordizia, tamalez, ez da oso euskalduna, eta garai hartan are gutxiago. Bi anaia ditut, eta euskara maila justukoa dute haiek. Etxeko bizitza gehiago egiten genuen emakumeok. Amona ataundarra nuen, euskara zoragarria zuena, eta harekin orduak eta orduak pasatzen nituen nik. Aita eta ama ere euskaldunak ziren, baina aita batez ere; aita oso euskalduna zen. Niri beti esaten zidan: “Hizkuntzak, ahal baduzu, asko ikasi, baina zu euskalduna zara, ez ahaztu inoiz hori!”. Oso barruan geratu zitzaidan hori.
Ama ez zen hain euskalduna?
Euskara zoragarria zuen gure amak ere, baina asko hitz egiten zuen erdaraz. Gure anaiekin erdaraz egiten zuen, baina nirekin euskaraz. Txikitatik ekarritako sentimendua izan da euskararena. Nik beti esan izan dut bi iraultza izan ditudala; euskara da bat, niretzat euskarak gako handiak dituelako, bizitzeko gakoak. Jatorrira joatean, eta leku-izenak ikustean, aztertzeko joera izaten dut. Bizitzeko tresna ikaragarriak eman dizkit euskarak, eta oraindik ere ematen dizkit. Jesus Goldaratz apaiz nafarrak, Lazkaon euskara ikasiak eta gure etxean ostatu hartzen zuenak, Xabier Frantziskori buruz hitzaldi bat eman behar zuen behin, eta galdetu zidan ea niretzat zer zen euskara. Segituan erantzun nion: “Euskara, niretzat, afektibitatea da, maitasuna”. Nahi duzuna atera dezakezu hortik.
Zein izan da bigarren iraultza?
Emakume bezala, duintasunez eta askatasunez bizi izateko aukera izatea. Gogor borrokatu naizela uste dut. Bizitzan oker egingo nituen gauza asko, eta oraindik ere egingo ditut, bizi banaiz, baina betidanik gogoko izan dut pentsatzen dudana esatea ere. Batzuei kontra egin behar izan diet batzuetan, eta nik bakarrik. Ni ez naiz izan pertsona politikoa, eta ez naiz izango; politika ez dut batere maite. Askatasuna nahi dut pentsatzen dudana adierazteko, eta, hori nahi badut, ezin naiteke inongo taldetan egon. Askotan sartu izan naute taldeetan, baina inoiz ez naiz ibili talde batean, ezta ibiliko ere. Baina askatasuna bai, pentsatu dudana esan ahal izateko askatasuna. Momentu batzuetan, faktura pasarazi dit horrek.
Aitortza bat ere egin zizuten Ordizian abenduan, euskararen alde egindako lanarengatik. Eskertzekoa izango da hori ere, ezta?
Bai, eta, gainera, alabari komentatu nion ezetz erantzun niela, ez nengoela horretarako. Onartzeko esan zidan alabak, eta baiezkoa erantzun nuen umiltasunez, baina umiltasun osoz. Ekitaldi xumea izan zen, eta Gabonen zentzuei buruz hitz egin nuen.
«Euskarak klabe handiak ditu, bizitzeko tresna ikaragarriak eman dizkit, eta oraindik ere ematen dizkit»
Euskara kezkaz bizi duten horietakoa al zara?
Batere histeriarik gabe bizi dut. Nola esango nizuke… Lantokian lagun handi bat eduki izan dut, eta askotan hitz egin izan dugu honetaz. Hark esaten zidan: “Nik jada ez dut sufrituko”. Ni etxean eta ingurukoekin saiatuko naiz euskaraz hitz egin dezaten, eta ondo hitz egin dezaten, baina, hortik aurrera, alferrik da. Hitz egingo da herriak hitz egin nahi badu. Jakina, agintariek ere lantxo bat badute horretan, eta gauza batzuetan behartu ere egin behar da jendea; lehentasuna eman behar zaio gure hizkuntzari. Baina sufritu? Ez. Erradikaltasunik gabe, ezertan ere ez, gainera.
Baina gozatu duzu euskararekin, gozatu duzunez.
Bai. Eta, gainera, nik gauza magiko bezala bizi izan dut mikrofonoa, lagun bati nire gauzak edo nik dakizkidan gauzak kontatzen ari banintzaio bezala. Horrela bizi izan dut, oso modu xehean. Ni ez naiz izan kazetaria.
Komunikatzeko, kontatzeko gaitasun hori izan duzu.
Afektiboa izan da, baina nik behar izan dudalako, agian. Jende askok deitzen zuen saiora, lanean ari zen jendeak, kamioilariek… Gero, Whatsappa hasi zenean, ezin erantzun denei. Musika eskatzen zidaten, lehen ordubetean musika izaten zelako bereziki. Bakardade handia dago inguruan; denok bizi dugu bakardadea neurri batean edo bestean.
Eta zerk eraman zintuen filosofiara?
Poesia gustatzen zitzaidan, eta filosofian arakatu nahi nuen, baina mistikaren bila nenbilela konturatu naiz. Erlijio guztietan daude mistikoak, baina honek ez dauka zerikusirik erlijioarekin. Hor arakatzen ari naiz; mundu hori gustatzen zait.
Hori da orain zure momentua, hori da gogobetetzen zaituena.
Halaxe da, eta hor segitu nahi dut. Yogarekin nabil, eta yogarekin segitu nahi dut; azkenean, asko liberatu nau horrek, karga asko kendu dizkit, eta beste era batean bizitzen erakutsi dit. Umiltasunez, ez baitago besteetarako arrazoirik. Bestelako harrotasun batekin ibiltzen gara gaztetan, eta poliki-poliki barrura begira hasten garenean ikusten dugu horrek guztiak ez duela lekurik. Bakea behar dut, eta bakean bukatu nahi ditut nire egunak.
«Umeekin balioak lantzen eta zaintzen baditugu, agian beste gizarte klase bat egingo dugu etorkizunean, ez hain berekoia»
Umeekin lantzen duzu yoga.
Gozatu egiten dut umeekin; nireekin eta besteenekin. Eta umeekin egin nahi dut lan hori, etorkizuna hortxe baitago. Umeekin balioak lantzen eta zaintzen baditugu, agian beste gizarte klase bat eraikiko dugu etorkizunean, ez hain berekoia.