Gaur bertan hasiko dira gutunak etxeetan jasotzen eta alegazioak aurkezteko epea martxoaren 15ean itxiko dute
Legazpiko Udalak ohikoak ez diren 440 etxebizitzei %50eko gainkarga ezarriko die Ondasun Higiezinen Zergan. Etxebizitza kopuru horren zerrenda behin betikoa da, baina martxoaren 15era arte irekita egongo da alegazioak egiteko epea eta tarte horretan kopuruak behera egingo du hainbat etxebizitza salbuetsita daudelako.
Bosgarren urtea da udalak gainkarga hau ezartzen duela. Orain arteko esperientzia dela eta, udalean jakin badakite 150-200 inguru alegazio jasoko dituztela. Gehienak onartuak izango dira eta, prozesuaren amaieran, gainkarga 275 bat etxebizitzei ezarriko dietela aurreikusi dute.
Salbuespenak
Salbuetsita daude udal jabetzakoak diren etxebizitzak. Ondasun Higiezinen Zergak hobariren bat dutenak ere. Ostatu ematen duten pentsioak, hotelak edota alokairuan daudenak ere bai. Gutxienez urtebetez alokatuta egon diren etxebizitzak zeinak, bestelako jarduera profesionaletarako edo komertzialetarako erabiltzen direnak. Adineko egoitzetan bizi diren adinekoen etxebizitzak zein mendekotasun bat dela medio etxebizitzaz aldatu behar izan direnen etxebizitzak ere salbuetsita daude. Herentzia bidez jasotako etxebizitzak salbuetsita egongo dira, besteak beste.
Informazio gehiago jaso daiteke udalean eta han bertan egin ahal dira alegazioak. Gainkargak eragindako etxebizitzen jabeak gaurtik jasoko dituzte gutunak.