Larunbatean izango da, goizez eta arratsaldez. Eguraldi onarekin Kale Nagusian egingo dute eta txarra eginez gero Arkupeetan
Legazpiko Ilinti merkatari elkarteak Stock Azoka antolatu du. Datorren larunbatean izango da, goizez eta arratsaldez. Tokia eguraldiaren arabera zehaztuko dute: eguraldi txarra eginez gero Arkupeetan egingo dute eta onarekin Kale Nagusian. Sektore ezberdinetako zortzi merkatarik jarriko dute postua.
Merkatariak honakoak izango dira: Egoki osagarri denda, Urcelay oinetako denda, Poxpolin haurrentzako arropa denda, Jokiñe eta Nuñez mertzeriak eta Lorea, Kuka’s eta Mari Carmen Urkiola arropa dendak.
Ilintiko antolatzaileek gogora ekarri nahi izan dituzte zeintzuk diren Stock Azoketako baldintzak. Lehenengo eta behin merkatariek eskaintzen dutena nabarmendu dute: aparteko deskontuak eta kalitatea.
Horrez gain, stock azoketan egiten diren erosketak hainbat baldintzara lotuta daude: ordainketa esku-dirutan egin behar da eta ez dira txartelak onartzen; stock prezioak azoka egiten den egunari dagozkio eta hurrengo egunetan ez dira prezio berak aurkituko; erosten diren produktuak itzultzeko aukerarik ez da inolaz ere egongo.