Irizarren 15 autobus elektriko Madrilen
Hiriaren erdialdeko lineatan emango dute zerbitzua
Madrilgo Udaleko Garraio Enpresak Irizarren 15 autobus elektriko gehitu ditu bere flotara, hiriburuaren erdialdeko hiru lineatan zerbitzua emateko.
Irizar ie Bus modeloko autobusak dira, 12 metroko luzerakoak eta 76 bidaiari eraman ditzaketenak; %100 elektrikoak dira, zero igorpenekoak, isilak eta 200 kilometro baino gehiagoko autonomia dute. Ibilgailuek, gainera, ECO Assist sistema dute, gidariari denbora errealean laguntzeko eta, energia kontsumoa murriztuz eta autonomia handituz, gidaritza optimizatzen laguntzeko. Autobus modelo hau duela lau urte dabil Europako hamar hiritan, eta frogatuta dago bere autonomia, efizientzia eta fidagarritasuna.
Autobusez gain, Irizarrek 15 kargagailuz ere hornitu du Madrilgo garraio enpresa, kotxe-tokian gauez kargatzeko.
Irizarren autobus elektrikoak Madrilgo 1. linean (Prosperidad-Cristo Rey), 26.ean (Tirso de Molina-Diego de Leon) eta 44.ean (Callao-Marques de Viana) ibiliko dira zerbitzua ematen.
Otsailaren 7an egin zuten autobus berrien aurkezpena, eta bertan izan ziren Madrilgo Udaleko Ingurumen eta Mugikortasuneko ordezkari eta Garraio Enpresako lehendakari den Ines Sabanes, Alvaro Fernandez enpresako gerentea eta Irizar e-mobility negozioko zuendari Hector Olabe.
Bi sari
Madrilgo 15 autobus horiek martxan jartzeaz gain, Irizarrek bi sari jaso ditu urtea hastearekin batera: Espainiako 2018ko Urteko Autobusarena eta Urteko Ibilgailu Industrial Ekologikoarena. Iazko urte amaieran merkaturatu zen Irizar ie tram zero igorpeneko autobus artikulatuak jaso ditu bi sariak.