Moala, Getxoren aurka jokatutako derbiko jokaldietako batean. Argazkia: Ainhoa Muriel
Ligan bi asteko geldialdia egin ondoren, indartsu bueltatu dira Ampo Ordiziako mutilak. Euskal derbia jokatu zuten Getxoren aurka eta baita garaipena etxera ekarri ere. 28 eta 38 irabazi zuten goierritarrek.
Lehenengo zatian, Ampo taldea izan zen nagusi. Horren seinale garbia zen, 30. minutuan markagailuak ageri zuena, 0-30 bisitarien alde. Moala, Ordiziako azken fitxaketa, izan zen zelaian jokalari onenetakoa. Laugarren minutuan, lehenengo entsegua lortu zuen jokalaria izan zen eta Valentin Cruzek gauzatu zuen. Bigarren entsegua, bederatzigarren minutuan lortu zuen Unai Lasak. Hura ere Valentin Cruzek gauzatu zuen eta 17. minutuan, Moalaren beste jokaldi bikain bati esker, markagailuan aldea handitzea lortu zuten, 19 puntuetara iritsiz.
Txartel oriak
Intentsitate handiko partida izan zen larunbatekoa. Bi taldeek irabazi nahi zuten eta joko gogorrak, txartel oriak ere ekarri zituen. Ordiziako Lescanok eta Getxoko Viallet, kanporatuak izan ziren. Talde bakoitzean joakalari bat gutxiago izan arren, Getxokoek presioa mantendu zuten. Horrek ordea ez zituen goierritarrak kokildu eta 30. minutuan Moalaren hirugarren entsegua iritsi zen. Kasu horretan ere, Cruzek gauzatu zuena (0-26)
Atsedenaldira iritsi aurretik, txartel oria Ordiziako beste jokalari batentzat, hortaz, 13 jokalarirekin gelditu ziren. Une hori aprobetxatuz, lehengo entsegua lortu zuten Getxokoek. 7 eta 26 markagailuarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Puntuetan atzetik joan arren, Getxokoek ez zuten galdutzat eman partida eta uneoro saiatu ziren markagailuan aurrera egiten. 44 minutuan Iker Kortak jaso zuen txartel oria eta Ampok, zigor entsegua ere jaso zuen.
Gauzak horrela, Ordiziako Cruzek beste entsgu bat egin eta gauzatzea lortu zuen, beste behin ere, markagailuan zuten aldea handituz (14-33).
Getxok ordea ez zuen atzean gelditzeko batere intentziorik eta bi entsegu gauzatu zituen, bata bestearen atzetik eta markagailuko aldea ederki murriztea lortu zuten (28-33).Partidaren bukaerara iristen ari baziren ere, dena jokoan zegoen oraindik eta urduritasuna nabari zen zelaian.
Ampo Ordiziako mutilek ordea, ondo eutsi zioten egoerari eta azkeneko entsegu bat gauzatu zuten. Azkeneko honetan ere, partida ososan bezala, Moala izan zen protagonista.
Azkenean, 28-38 ordiziarren alde. Beraz, bost puntu gehiagorekin, sailkapen nagusian, bosgarren postuan kokatzen da Ampo.
Hurrengo asteburuan, 18. jardunaldia jokatuko dute, Complutense Cisneros taldearen aurka, Altamiran.