Eskaera Gipuzkoako Batzar Orokorretan egin dute, pasabideak lurralde osoan kentzea eskatu dute
Gipuzkoako Batzar Orokorretan Adifi eskatu diote aurten bertan hasi ditzala Legazpiko behin-behineko geralekuko segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko lanak. Eskaera EAJk eta PSE-EEk babestu dute. Bide batez, lurraldean dauden tren pasagune guztiak kentzeko plangintza berandu baino lehen aurkeztu dezala galdegin diote Adifi. Aurreko abenduaren 31n Legazpiko tren geralekuan gertatutako istripu ezin larriagoaren harira egindako eskakizuna da.
Eskaera puntu gehiago hartzen dituen ebazpen baten baitan egin dute. Lehenengo eta behin, ebazpenaren bitartez Gipuzkoako Batzar Nagusiek elkartasuna adierazi diote Legazpiko tren pasagunean izandako istripu lazgarrian hildako pertsonaren sendiari eta haren lagun guztiei.
Halaber, Eskualdaketaren Batzorde Mistoaren bilera deitzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari eta, besteak beste, trenbide arloko eskumenak Eusko Jaurlaritzari transferitzeko urratsak eman ditzala galdegin diote eta, bide batez, Gernikako Estatutua bete dezala.
Aldi berean, Adifi lanei presazko izaera emateko eskatu diote eta egin beharreko lanen nondik norakoa dagozkion erakundeekin zein eragileekin adosteko geldegin ere. Finean, Adifi eskatu diote aurten bertan heltzea Gipuzkoako geltokietako nahiz geralekuetako segurtasun zein irisgarritasun balditzak hobetzeko inbertsioei.
Alderdien adierazpenak
PSE-EEk deitoratu du EH Bildu ebazpenaren bozketan abstenitu izana eta Ahal Duguk kontra bozkatu izana. Oscar Valbuena Legazpiko zinegotzi sozialistaren hitzetan, «ulergaitza da. Ez dugu ulertzen bi alderdi horietako batzarkideen jarrera. Izan ere, ebazpenaren helburua Legazpik duen arazo historiko bati irtenbidea aurkitzea da eta irtenbide hori premiazkoa izateaz gain, legazpiarrek aspaldi eskatutakoa ere bada».
Batzar Orokorretako Eusko Abertzaleak EAJ taldeko Boris Nogales batzarkideak honakoa adierazi du: «Gipuzkoak babestu du Legazpiko alkate Koldobike Olabidek Renferi eta Adifi zuzendutako eskakizuna, behingoz Legazpiko geralekuaren segurtasuna eta irisgarritasuna bermatu ditzaten».