Bertsoekin gozatuz
Goierriko helduen bertso eskola lehenengo urratsak egiten hasia berria da. Bertsoarekin gozatzeko helburuarekin, dozena bat lagun elkartzen da asteazkenero Ordiziako Dorretxean. ...
Goierriko helduen bertso eskola lehenengo urratsak egiten hasia berria da. Bertsoarekin gozatzeko helburuarekin, dozena bat lagun elkartzen da asteazkenero Ordiziako Dorretxean. Izena eman daiteke oraindik ere.
Ikasteko ez da inoiz ere berandu; eta bertsoak osatzen ikasteko ere ez. Goierriko Bertsozale Elkarteak Goierriko helduen bertso eskola jarri du martxan eta dozena bat goierritar elkartzen dira asteazkenero, 20:30etik 21:30era, Ordiziako Dorretxean, hitzarekin, errimarekin eta doinuarekin jolasean, bertsoarekin gozatuz.
Ainhoa Mujika bertsolariak gidatzen du taldea. «Goierriko Bertsozale elkartea sortu berria dugu, errelebo aldaketa bat egon da antolakuntzan, eta asmoen artean bazen helduen bertso eskola sortzea. Baina frente asko geneuzkan irekita, eta orduan ez genion heldu», adierazi du. Hala ere, Xanti Salceda, Igor Sarasola eta Asier Muñagorri ordiziarrak Ainhoa Mujikarengana joan ziren: «Esan zidaten astean behin elkartzen zirela beraien artean eta gustatuko litzaiekeela norbait gidari bezala edukitzea. Momentua izan zitekeela pentsatu genuen, eta deialdi zabalxeagoa egitea pentsatu genuen».
Uste baino jende gehiago
Mujikaren harridurarako, ez zuten uste hainbeste jende animatuko zenik. «Asmoa zen, besterik animatzen ez bazen ere, Salcedaren, Sarasolaren eta Muñagorriren eskariari erantzutea eta hirukotearekin hastea. Baina gero ikusi da jende gehiago animatu dela». Adin desberdinetako dozena bat lagun inguru elkartzen dira: «Goierri osorako egin zen deialdia, baina gehienak Ordiziakoak dira».
Bertsozaleak dira guztiak, gehienak aurretik bertso eskoletan ibili gabeak.?Baina «bertsozalea zaren aldetik bertsoaren egitura zein den badakizu gutxi gorabehera», diote hiru ordiziarrek. Hori dela eta, lehenengo egunetik bat-batean bertsoak botatzen jarri zituen irakasleak ikasleak. «Ez dira zerotik hasi. Ideia bat bazuten. Bazekiten bertsoa egiten», dio Mujikak.
Helburu desberdinak
Dena den, helduen bertso eskolako kideek helburu desberdinak dituzte. Salcedak, Sarasolak eta Muñagorrik, esate baterako, bat-batean arinago aritzea eta bertsoak zuzenago osatzea dute, «gutxienez puntuka aritzeko gaitasuna hartzea». Ane Ormazabali bertsoa betidanik gustatu izan zaio, baina «orain ikasteko gogoarekin nago; probatzeko gogoa daukat, ezer serio bezala hartu gabe. Bakoitzak ahal duena egiten du, baina elkartzea polita da».
Julene Otegik, berriz, «helburu sozial» bat du: «Ni berez Mungiakoa naiz, bizkaitarra. Beasainen hasi nintzen aza-roan lanean eta Ordizian bizi naiz. Bertsozalea aspaldidanik izan naiz eta nire helburu nagusia herrian integratzea da, eta zer hoberik giro euskaldun baten bueltan hori lortzea baino. Ideala da».
Ordubeteko saioa egiten dute astean behin, eta bertso saio ororen gisan, agurra kantatuz hasten dute eskola. «Hasierako agurra izaten da etxeko lana. Agurra idatzita ekartzen dute eta txandan-txandan abesten dute». Horrezaz gain, «saiatzen naiz astean doinu bat edo bi ekartzen. Errima kateren bat osatzen, edo errima jolasen bat, oinak, puntu erantzunak, bukaerak, gairen bat, hitzak… Oraindik zortziko txikian ari gara batez ere». Ikas-leek diotenez, «norberak bota behar duenean ezin etorri ibiltzen gara, besteak bota behar duenean errazago etortzen dira ideiak». Momentuan mikrofonorik gabe aritzen dira kantuan. «Erratzen bat bada, baina oraindik ez dut atera. Momentuz eserita kantatzen dugu».
Lanerako konfiantza giroa lortu dute hasiera-hasieratik, eta irakaslearen esanetan, «oso gustura nago jendearen ausardiarekin eta lehenengo egunetik lotsarik gabe ari direlako kantuan».
Julen Agirre ere iritzi berekoa da: «Ni harrituta nago jendearen aurrean nola kantatzen dudan ikusita. Lehenengo unetik jarri gintuzten kantari eta nik neure burua ez nuen imajinatzen kantatzeko gai. Baina giroa badaukagu taldean, lotsarik gabe kantatzekoa. Ondo bota edo gaizki bota, konfiantza giroa dago. Erraz lortu dugu konfiantza giroa».
Talde irekia
Helduen bertso eskolako taldea irekia da eta interesa dutenek goierrikobertsozaleelkartea@gmail.com posta elektronikoan eman daiteke izena; 18 urtetik gorakoei zuzendua dago. «Jendea animatu nahiko genuke. Lasai asko etortzeko, konfiantza giroa dagoela eta. Ez gara jende aurrera aterako, momentuz, dena hemen gelditzen da». Hori bai, sagardotegiren batera joateko plana antolatzen ari direla aurreratu dute ilusioz beteta.
Bertsozaleen sarea
Hala ere, bertsoak osatzen ikastearekin batera, badu bestelako helburu bat helduen bertso eskolak: «Beraien es-kaerari erantzutea da gure helburua, baina beste alde batetik, guri Bertsozale Elkarte bezala, egitasmo honekin iruditzen zaigu bertsozaletasuna ere sustatzen dela. Sare bat sortu daitekeela. Jendea elkarren artean ezagutzea eta bertsozale sare hori eskualde mailan elkarren ezagunago bihurtzea, edozein ekitaldi edo plan dela, noizbait agian beraien laguntza beharko dugulako». Bertso saioetan aulkiak jartzeko, adibidez.