Donostian jokatuko da 10:30ean Boulevardik hasita. 5 kilometro egin beharko dituzte. Legazpiko, Ordiziako eta Urretxu-Zumarragako ikastolek talde jendetsuenen sariak jasoko dituzte

Iaz UZ Ikastolako taldeak jaso zuen talderik jendetsuenaren saria. // Argazkia: Lilatoia
Donostiako Koordinadora Feministak 1990ean antolatu zuen lehenengo aldiz 5 kilometroko Lilaton lasterketa, Martxoaren 8aren inguruan. Hiru ziren aldarrikapen nagusiak: sarien berdintasuna, emakumeak kirola kalean egitera animatzea eta beste lasterketa mistoetan parte hartzeko bultzada izatea. Igandean 29. edizioa beteko du, marka guztiak hautsiz gainera, 6.000 dortsalak agortu baitira. Boulevardeko irteeratik 10:30ean abiatuko dira korrikalariak, Donostiako kaleetan aldarrikapenezko bost kilometro osatzeko helburuarekin.
Goierritarren artean ere, adin desberdinetako emakumezko asko izango dira, igandean Lilatoian parte hartuko dutenak: 1.020 guztira. Herriz herriko datuak ikusita, Ordizia da korrikalari gehien bildu dituen herria: 255 guztira. Haren atzetik daude Legazpi (210), Beasain (131), Zumarraga (97) eta Urretxu (82).
Goierriko hiru talderi saria
Talderik jendetsuenaren saria banatzen dute Lilatoian eta aurtengo kasuan, Goierriko hiru talde izango dira jendetsuenak: Legazpiko Haztegi Ikastola (193 neskekin), Ordiziako Jakintza Ikastola eta Urretxu-Zumarragako Ikastola. Iazko Lilatoian, UZ Ikastolak jaso zuen talde jendetsuenaren saria, 120 korrikalarik parte hartuta.
Lazkaoren kasuan, udalak kamisetak banatu ditu Lilatoian parte hartuko duten herriko emakumezkoen artean. Lazkaoko Udalak jakinarazi duenez, oraindik ere kamiseta batzuk gelditzen dira, eta «lasterketan parte hartu eta kamisetarik ez duenari, izen-emate orriarekin udaletxera jotzeko gonbidapena egiten zaio».