Eltziegokoak bisitan datoz
Orain dela bost urte senidetu ziren Idiazabal eta Arabar Errioxako Eltziego herria. Harremanak estutzen jarraitzeko asmoz, larunbaterako antolatu dute Idiazabalen Eltziego eguna
Bost urte igaro dira Eltziego (Araba) eta Idiazabal herriak senidetu zirenetik. Harrezkero, urtean bi aldiz elkartzen dira: otsailaren hasieran, Goierrin; eta ekainean, Eltziegon bertan. Dena den, aurten otsaileko hitzordua martxora igaro dute eta bihar, larunbata, Idiazabalen emango dute eguna eltziegarrek eta bertako giroan murgilduko dira Arabako Errioxakoak.
Goizean goiz abiatuko dira autobusean eta baita autoetan ere. Idiazabalera heldu bezain pronto, kalejira egingo dute Eltziego & Friends gaita jotzaileek; idiazabaldarrek hamarretakoa gertu duten arte.
Jarraian, lanean jarriko dira Eltziegoko sukaldariak. Eguerdian banatuko dituzten errioxar erara prestatutako patatak eta Eltziegoko produktuak xirmendutan erreak prestatuko dituzte.
Kultura elkarbanatzen
Eguerdi partean, Eltziegoko ardo eta produktu dastaketa ere egingo dute, Idiazabalgo plazan. Arabar Errioxatik etorritako gaiteroak ere bertan izango dira , girotzeko. Bazkaldu aurretik, dantza eta gaita emanaldia ere eskainiko dute bisitariek. Haien kultura goierritarrek ezagutzeko asmoz, Ardoaren dantza burutuko dute.
Jarraian, 14:00etatik aurrera, eltziegarrek goiz osoan zehar prestatutako jaki tipikoak banatuko dituzte, plazara gerturatzen direnen artean. Txartelak Izpar dendan egongo dira eskuragarri.
Arratsaldean, ere izango dute zertaz gozatu Eltziegotik etorritako lagunek, idiazabaldarrek, baita Goierriko beste herri batzuetatik gerturatutakoek ere. Izan ere, Eltziegoko Santa Zezilia musika bandaren kontzertu antolatu dute, Mikel Deunaren elizan, 18:30etik aurrera.
Azkenik, ardo dastaketa gidatua ere antolatu dute. Eltziegoko enologo eta hainbat upeltegitatik etorritako ordezkariek gidatutako dute dastaketa. Hitzordua herriko plazan izango da eta parte hartu nahi dutenek bi euro ordaindu beharko dute.













