Emakumeak zuzendari
Emakumearen Nazioarteko Egunaren atarian Goierri-Urola Garaiko ESIko (Erakunde Sanitario Integratua) zuzendaritza taldearekin elkartu da GoiBerri; denak emakumezkoak dira. Laura Agirre kudeatzailea da, Olga ...
Emakumearen Nazioarteko Egunaren atarian Goierri-Urola Garaiko ESIko (Erakunde Sanitario Integratua) zuzendaritza taldearekin elkartu da GoiBerri; denak emakumezkoak dira. Laura Agirre kudeatzailea da, Olga Doiz langile taldearen zuzendaria, Mariado Blanco ekonomia kudeaketaren burua, Ana Calvo zuzendari medikoa eta Miren Etxeberria erizaintza zuzendaria. ESIko zuzendaritzaren ezaugarria bat dator erakundearen genero banaketari dagozkion datuekin. Hain zuzen, 850 langiletik %80 emakumezkoak dira.
Datuok Goierritik kanpo ere errepikatzen dira. Elkarrizketa egin eta biharamunean Laura Agirrek Gipuzkoako Eskualdeetako Ospitaleak dituzten ESIetako kudeatzaileekin bilera dauka, eta guztien buru emakumezkoak dira.
Soldata berberak
Administrazioak emakumezkoentzat abantailak dituela diote aho batez. Alde batetik, soldata berbera da izan emakumezko nola gizonezko. Bestalde, amatasuna errazago egiten duten baldintzak bermatzen ditu administrazioak. Faktore horiek emakumeak administraziora erakartzen dituztela diote. Mariado Blanco ekonomia arloko zuzendariak dioenez, «esparru honetan ez duzu gehiago erakutsi behar emakumezkoa zarelako». Edonola ere, Olgai Doizek gogoratu du emakumezkoek, askotan, ez beti, «administrazioan lan egiteak dituen baldintza on horiek baliatu, eta murrizketa eskatzen dutenean bikotekide gizonezkoaren behar izanetara egokitzen» direla.
Doiz langile taldearen zuzendariaren esanetan, «osasungintza feminizatzen ari da. Emakumezkoak arlo guztietan sartzen ari dira, garai batean zeladore gehienak gizonezkoak ziren, orain emakumeak ere badaude. Gizonezko gehiago dagoen arlo bakarra geratzen da gure ESIan: mantentze lanena».
Alabaina, askotariko ñabardurak daude. Erizaintzaren eremua, esaterako, betidanik izan da emakumezkoen arloa. Horrela dio Miren Etxeberriak: «Niri Erizaintza zuzendaria izatea egokitu zait. Gure lanbidea zaintzari lotuta dago eta gure gizartean zaintza emakumezkoen esparrua izan ohi da». Paradoxikoa da, gizonezko erizainak gutxi izanda, proportzionalki asko direla zuzendari kargu edo ardura postuak dituztenak.
Osasungintzari lotutako ikasketetan ere emakumez-koak gehiengo nabarmena dira. Medikuntzako ikasgeletan, esaterako, %90a emakumezkoak dira. Diotenez, emakumezkoak helduagoak izan ohi dira zer ikasiko duten aukeratzeko tenorea iristen denean, 18 urterekin, alegia. Diziplina gehiago izan ohi dute eta ikasle hobeak izaten dira oro har. Kontuan izanda medikuntza ikasteko nota oso altuak behar direla, gero eta mediku gehiago emakumezkoak izatea «logikoa» dela diote.
Gizonezkoen falta
Aitzitik, Ana Calvok urte gutxiren buruan Osakidetzako profesional gehienak emakumezkoak izan daitezkeela eta horrek apur bat izutzen duela dio: «ikuspegia pobretzen duela uste dut, gizonezkoen ikuskera ere behar da». Olga Doizek berretsi du Calvo: «Zuzendaritza taldeetan ere gizonezkoak egotea egoki ikusten dut ikuspegiak aberasten dituztelako». Edozein kasutan, jakin badakite urte luzetan aginte makila gizonezkoena izan dela eta emakumezkoak zuzendaritza taldeetako buru izatea natural ikusten duten arren, gizonez-koen presentzia faltan sumatzen hasiak dira.
Ongizatea ipar
Laura Agirre Goierri-Urola Garaiako ESIko kudeatzaileak gizonezkoak eta emakumezkoak ezberdinak direnaren zalantzarik ez du, «osatu egiten dira». Calvok emakumezkoen soslaia zaintzari lotuta dagoela dio gizonezkoen aldean, eta zuzendaritzan egoteko modua ere ezberdina dela dio, «emakumeok gure kargu dauden profesionalen nola pazienteen ongizatea dugu ipar. Esango nuke gure kudeaketa estiloa ezberdina dela». Mariado Blancok «enpatikoak gara», gehitu du. «Gizonezkoak lehiakorragoak dira», dio Miren Etxeberria Erizain buruak: «Oldarkorragoak izan daitezke eta industria bezalako sektorean balio horiek pisu gehiago dutela esango nuke».
Lankide gizonezkoekin arazorik ez dutela diote. Zumarragako Ospitaleko mediku zerbitzu batzuk emakumezkoek soilik osatzen dituzte, bakarra dago gizonezkoek osatua.
Euskal Herritik kanpo egoera bestelakoa dela diote, gizonezkoak ugaritu egiten dira osasungintzaren sektorean eta inoiz atera direnean harritu egin dira.
Elkarrizketa amaieran gizonezkoek osatutako zuzendaritza talde batek kazetariarekin solasean egoteko tartea hartuko lukeen galdetuta, zalantzak agertu dituzte. Laura Agirrek, halere, emakume ala gizon, pertsonaren nolakotasunean jarri du gakoa.