Martxan da Segurako hondakin bilketako bigarren hobekuntza
Martxoaren 5az geroztik martxan da Seguran hondakin bilketa hobetzeko bigarren neurria: organikoa eta pardelak biltzeko edukiontziak jartzea. Herriko sei gunetan jarri dituzte edukiontzi marroia eta grisa –beira biltzeko edukiontziaren ondoan–, eguneroko atez ateko bilketaren osagarri gisa, eta asteburuetan antzeman ziren gabeziei erantzunez.
Egunero ireki ahal izango dira edukiontzi berriak, poltsa konpostagarriak lortzeko erabiltzen den txartelarekin. Hori bai, pixoihalentzako edo pardelentzako edukiontzia irekitzeko, txartela egokitu egin beharko da, udaletxera eramanda. Txartela egokitzeko aukera edozein momentutan egongo da, beharra sortu ahala.
Eñaut Telleria alkateak jakinarazi duenez, hobekuntza horrekin amaitutzat ematen da herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko egindako Eta zuk zer diozu prozesua. Dena den, jarraipena egingo diete aldaketei: «Hobekuntzak dira, eta gaizki funtzionatzen badute, ez dira hobekuntzak izango. Jarraipena egingo diogu Sasietaren eta udalaren aldetik».
Txartela egokitu
Hirugarren hobekuntza bat ere proposatu zuten segurarrek Eta zuk zer diozu? hausnarketa prozesuan: hondakin organikoa herrian bertan kudeatzea. «Hori beste epe batzutan egingo da. Ez dago gure esku bakarrik, baina konbentzituta daude egin behar dugula», aurreratu du Segurako alkateak.