Inoiz baino futbol talde gehiagok jokatuko dute Mendiluzeren omenezkoa
Datorren ostegunean, hilak 29, Iñaki Mendiluze Txugiren oroimenezko 23. futbol txapelketa jokatuko dute Zumarragako Argixao zelaian. Inoiz baino talde gehiagok parte hartuko dute: orain arte zortzi aritzen ziren eta aurten
Datorren ostegunean, hilak 29, Iñaki Mendiluze Txugiren oroimenezko 23. futbol txapelketa jokatuko dute Zumarragako Argixao zelaian. Inoiz baino talde gehiagok parte hartuko dute: orain arte zortzi aritzen ziren eta aurten hamabi izango dira.
Hamabi taldeak Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak dira. A taldean Reala, Ermua, Bergara eta Urola arituko dira, B taldean Athletic, Mondragon, Tolosa eta Aloña Mendi, eta C taldean Gasteizko Aurrera, Aretxabaleta, Amorebieta eta Zarautz.
Talde bakoitzak bere multzoko gainontzeko guztien aurka jokatuko du, 09:30etik aurrera. 12:00etan omenaldia egingo dute eta ondoren bigarren fasea hasiko da. Talde bakoitzeko bi onenek txapelketa irabazteko jokatuko dute eta azken biek Kopa jokatuko dute. Bi taldetan banatuko dituzte eta bigarren ligaxkako onenek finalak jokatuko dituzte, 14:00etan. Partidek 20 minutuko iraupena izango dute eta Argixao eta Luis Urdangarin zelaietan jokatuko dira.
Txapelketa atzo aurkeztu zuten, Zelai Arizti kultur etxean. Aurkezpenean Jon Luqui Urretxuko alkateak, Arantxa Gonzalez Zumarragako zinegotziak eta Mikel Mesonero Urola taldeko lehendakariak parte hartu zuten.
Luquik Urola taldean jokatu zuen gaztetan. «Talde bakar batean jokatu dut: Urolan. Gazte mailako taldetik pasa den hegaleko okerrenetakoa izango naiz, baina Iñaki Mendiluze ezagutzeko zortea izan nuen. Jendeari Argixaora joateko eskatu nahi diot. Urola balioak lantzen ari da».
Mesonerok tradizio handiko txapelketa dela gogoratu zuen. «Aurtengoa 23. edizioa da. Guztiontzako ohore bat da ekitaldi xume honek halako jarraipena izatea. Zuzendaritza batzordeko kideon heren batek Txugirekin jokatu genuen eta horrek ilusioarekin jarraitzeko indarra ematen digu. Txapelketa honek 23 urte baditu, lan ona egiten delako da».
Iazko berrikuntza Asturiaseko taldeen parte hartzea izan zen. Aurten, berriz, inoiz baino talde gehiagok parte hartuko dute. «Jendea gustura etortzen da. Hamabi taldeko txapelketa antolatzeak lan gehiago emango digu, baina merezi du». Bukatzeko, bi udalei eskerrak eman zizkien 23 urte hauetan emandako laguntzagatik.
Gonzalezek Urolaren balioak azpimarratu zituen: kiroltasuna, joko garbia eta arerioari errespetua. «Balio hauek gizar-tearen arlo guztietan nagusitu beharko lirateke, ez kirolean bakarrik».