40 urteren ondoren, prozesioa itzuli da Legazpira
Zortzi paso atera dituzte prozesioan, 48 lagunen artean. Duela urtebete hasi ziren lanean, eta 70 legazpiar inguru ibili dira antolaketa lanetan
40 urteko etenaren ondoren, prozesioa ospatu dute Legazpin. Zortzi paso atera dituzte, eta 48 lagunek eraman dituzte irudiak. Duela urtebete bildu ziren hainbat herritar, eta guztira 70 legazpiar aritu dira prestaketetan. Egur zein igeltsu errezko figurak atera dira pasoetan.
Nafarroa Kaletik irten eta Kale Nagusitik itzultzekoa zen prozesioa, baina euria dela eta elizako arkupean egin behar izan dute. Katekesia egiten ari diren haurrek parte hartu dute, eta familia osoak ere atera dira. Prozesioa gaur egiteko erabakia hartu zuten, alde batetik Segurakoarekin talka egin ez zezan, eta bestetik, prozesioaren egunean Aste Santuan oporretara joatekoak direnak oraindik bertan egon zitezen.
Nahiz eta etena egon den, garai batean erabiltzen ziren elementuak gordeta zeuden, eta horiek konpontzen eta garbitzen ibili dira azken hilabeteetan. Arropak aldiz, berriak egin behar izan dituzte, baina antolatzaileen arabera ez dute tunika eta kapirote berriak egiteko zailtasunik izan, jostunak erraz aurkitu baitzituzten.