Lorez eta jendez bete da Segura, Udaberriko Azokarekin
Lorezainen 17 postu, Euskal Herriko baserritar eta ekoizleen 15 postu, eta artisauen 14 mahai jarri dituzte
Hemezortzigarren Lore eta Landareen Azoka ospatzen ari dira gaur Seguran. Lore eta landareez gain, euskal ekoizleek zein artisauen postuak jartzeko aukera izan dute. Azken biak Iparra Hegoarekin elkarlanean antolatu dituzte. Goizeko hamarretan zabaldu dute azoka, eta hirurak arte egongo da zabalik.
Lore eta landareen arloko Goierriko azokarik ezagunena da Segurakoa, eta jende ugari gerturatu da goizean zehar. Lore, landare eta barazkien hamazazpi postu jarri dituzte. Haien artean hainbat goierritar zeuden: Jose Mari Setien segurarra, Josu Osa beasaindarra, Iñaki Azanza zaldibiarra, Haritz Urretabizkaia aramarra eta Legazpiko Lorearteko haztegia, esaterako.
Euskal Herriko baserritar eta ekoizleen 15 postu ere jarri dituzte. Bertakoen artean, besteak beste Eugenio Elortzak eztia, Ondarre baserrikoek gazta eta Segurako Gorbeak karakolak jarri dituzte salgai. Segurako talogileek ere izan dute euren tokia. Bertakoez gain, arabarrak, zuberoarrak eta bizkaitarrak gerturatu dira, eta Azkorriako Gazna, Bardeetako Olioa, Nafarroako ardo gorria eta Arabako lekaleak saltzera.
Artisau produktuak ere jarri dituzte eskura. Esaterako, Sandra Maduxka ataundarrak eskuz egindako arropa ekarri du; Fermin Goenaga zumarragarrak, sendabelarren postua ipini du; Maider Lakarrak, Idiazabalgo produktu naturalak ekarri ditu; eta Ataungo Hazi eta Hezi ekimenak, arropa eta pixoihalak.