
Atzo, Ordizian ospatutako Artzain Egunaren barruan, 2017ko Erregulartasun-kalitate sariak banatu zituzten. Bi gaztandegik jaso zuten sari hori eta horietako bat, Legazpiko Makatza gaztandegia izan zen. Makatzaren izenean Aitor Mantxola legazpiarrak jaso zuen saria.
Nola jaso duzu erregulartasunaren saria?
Oso pozik eta ilusio handiz jasotako saria da. Aurrera segitzeko indar handia ematen du horrelako saria jasotzeak.
Azkenaldian sari ugari jaso du Makatza gaztadegiak.
Bai, hala da! Egiten ari garen lanaren errekonozimendu moduan jasotzen ditugu sariok. Azkenean, egiten ari garena ongi egiten ari garela uste badugu ere, hori guztia berresteko balio digute sari hauek. Eta azken honek ere, hori esan nahi duela esango nuke. Bidea ondo hartuta dugula erakusten du honek guztiak.
Makatzako aurtengo gazta berria nolakoa dator?
Gure gazta besteen aldean fuerte xamarra da. Baina bestela, gazta ona egin dugula uste dut, aurreko urteetakoaren parekoa dela esango nuke aurtengo gazta berria ere.
Gazta ketua edo txuria, nolakoa egin ohi duzue?
Normalean gazta naturala egin ohi dugu. Iaz hasi ginen gazta pixka bat ketzen. Dena den batzuk baino ez ditugu ketzen oraindik eta gehiegi izan gabe. Gehienak natural uzten ditugu.
Nola egiten duzue lan Makatzan?
Gaztandegi txikia da gurea eta garai batean gazta egiten zen moduan mantentzen saiatu gara. Egia da gaur-gaurkoz garai batean ez zeuden baliabide berriak ere erabiltzen ditugula. Bide berriak ireki dira azken urteotan, makinaria berria erabiltzen dugu, baina lehengoari eusten ere saiatzen gara.
Bestalde, artaldea asko zaindu, ardiei esnea atera eta gazta egin. Horixe da egiten duguna. Gainera, guk etxeko ardien esnea baino ez dugu erabiltzen gazta egiteko.
Baserri munduarekin txikitatik izan duzu lotura, baina sekula gazta egingo zenuenik espero al zenuen?
Aitortzen dut ezetz. 14 urte beste lanbide batean igaro nituen gaztandegian hasi aurretik. Orain dela lau edo bost urte dira zeregin honetan hasi nintzela.
Egia esan, aurretik norbaitek sekula gazta egingo nuela esanez gero ez nuke sinistuko. Eta gutxiago egindako gaztagatik sariak jasoko nituenik.
Etorkizuna nola ikusten duzu?
Ba orain arte bezala lanean jarraituz. Uste dut ongi ari garela eta bide beretik jarraitzea da asmoa.