Errenta aitorpena euskaraz egiteko eskatu dute Beasain, Lazkao eta Ordiziako udalek
Apirilaren 23tik ekainaren 30era egin beharko ditu zergadun bakoitzak kontuak Gipuzkoako foru ogasunarekin. 2017ko errenta aitorpen kanpainan, agiria aurkezteko bi hizkuntza daude: euskara aukeratzeko eskatu dute Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako udalek, gaur, 2009tik urtero garatzen duten kanpainan.
Azken bederatzi urteotan, hain justu, bikoiztu egin da euskarazko aitorpenen kopurua. 2009an, Beasainen deklarazio guztien %8,37 soilik ziren euskaraz, Ordizian %8,29 eta Lazkaon %15,52. Iaz, %17,87 ziren Beasainen, %18,54 Ordizian eta %27,88 Lazkaon. Batez beste, Goierri beheko hirigunean, %20k bakarrik aukeratzen du oraindik euskara, hala ere.
Aurtengo helburua, “iaz baino herritar gehiagok” euskaraz aurkeztea jarri dute udalek. Prentsaren aurrera Xabier Arrasate (Lazkao), Leire Artola (Beasain) eta Joxi Iturriotz (Ordizia) atera dira, gaur, Lazkaoko udaletxean.
Kanpainaren garaia apirilaren 23tik ekainaren 30era bada ere, foru ogasuna apirilaren 10ean hasiko da etxeetara autolikidazio proposamenak bidaltzen. Apirilaren 16tik aurrera eman ahalko zaie onespena. Ondoren, errenta aitorpen mekanizatua edo Internet bidezkoa, apirilaren 23tik aurrera egin beharko da.
Modu bat ala bestea izan, hizkuntzari dagokion mezua garbi adierazi dute udalek: “Errenta aitorpena euskaraz eginez, arlo honetan ere euskarari aitorpena egiten diozu. Zeure aukera da, egizu euskaraz”.