Ion Izagirre ormaiztegiarra, gaurko etaparen hasieran. // Argazkia: Team Bahrain Merida
Erlojupekoaren ondoren Itzuliari agur esan ziola zirudien, baina Ion Izagirrek sekulako etapa egin du gaur, eta bigarren jarri da behin behineko sailkapenean, Roglic liderrarengandik 2’13 segundora.
Roglic liderrarekin, Mikel Landa eta Omar Fraileren batera utzi du tropel nagusia, eta lasterketa bukatzeko kilometro gutxiren faltan arrapatu dituzte ihesean zihoazen hiru lagunak: Verona, Herrada eta Marc Padun Izagirreren taldekidea. Bien artean eraman dute zazpiko taldearen pisu guztia, eta Eibarreko kaleetan sartu orduko, ihes egiten saiatu da Izagirre, baina Omar Frailek eta Primoz Roglicek aurrea hartu diote azken metroetan.
Egindako lanarekin gustura
Egindako etaparekin “oso gustura” agertu da Ormaiztegikoa; sentsazio onak izan ditu eta bukaeran “indartsuenek aurrera” egin dutela azaldu du. Bihar Arraten bukatuko den azken etapari begira, “gerra handia” izango dela dio, “etapa motza” baita.
Gorka anaiak ez du egunik onena izan gaur. Tropel nagusian sartu da, liderraren eta Quintana eta Mollema zihoazen taldeen atzetik. Harekin batera sartu dira Alex Aranburu eta Gari Bravo ere.