Esperantoa: Hizkuntza guztien laguna
Hizkuntzen mapa geopolitikoa irudikatzeko ariketa eginez gero, nabarmen geratuko litzateke nazioartean gailentzen den zenbait hizkuntzaren hedadura. Horiek gailendu ahala, galtzaile aterako lirateke beste hizkuntza batzuk, eta gero eta toki urriagoa izango lukete mapa geopolitiko horretan, galtzeraino ere bai batzuetan. Ludwik Lejzer Zamenhofek (Polonia, 1859-1917) hizkuntzen mendekotasun hori saihesteko sortu zuen esperantoa. Hizkuntza neutral gisa asmatu zuen. “Geurea inposatu ez, eta alderantziz ere gerta ez zedin”, azaldu du Aitor Arana esperantistak (Legazpi, 1963).
Aranak 19 urte ingururekin izan zuen esperantoaren berri. Hizkuntza neutrala zela jakin zuen, baita nazioarteko komunikazio arazoak konponduko lituzkeen hizkuntza zela ere. “Lagun batek kontatu zidan hori guztia, eta hizkuntza ideala zela pentsatu nuen, oso jatorri gizatiarra zuena. Egia esan, Dantek eta Voltairek ere aurretik egina zeukaten nazioarteko hizkuntza bati buruzko gogoeta”, gaineratu du. Esperantoaren dohainez jabetuta, urte gutxiren buruan ikasi zuen.
Artikulu baten bidez nolako hizkuntza den jakin zuenean, esperantoak erabat harrapatu zuen. Europako hizkuntza indoeuropar hedatuenak hartu, eta haietan ohikoenak ziren hitzekin osatu zuen hiztegia Zamenhofek —mediku oftalmologoa zen—. Euria, adibidez, pluvo da. Substantibo guzti-guztiak o bokalarekin amaitzen dira, eta aditza izateko o hori i bihurtu baino ez da egin behar. Euria ari, beraz, pluvi esaten da esperantoz. Aranak azaldu duenez, ohiko hizkuntzekin alderatuta, “azkar ikasteko” asmatuta dago esperantoa. Ñabardura bat egin du, dena dela: “Hizkuntza sortua da esperantoa, baina ez da artifiziala”.
Zamenhofek ohiko hizkuntzetan oinarritu zuen esperantoa. Irregulartasunak kentzen saiatu zen, eta logikaz zein erraztasunez bete zuen. Aranak berak 1990ean aurrenekoz argitaratu zuen Esperantoa ikasgai liburuan dioenez, “seriotasunez ekinez gero”, hiruzpalau hilabetean ongi hitz egin daiteke.
Legazpiarrak ikasi zuen; gaztelaniazko ikasmaterialarekin ikasi ere. “1980ko eta 1990eko hamarkadetan zabaldu zen gurean. Ordura arte gaztelaniatik ikasi beharra zegoen, oso material gutxi zegoelako euskaraz”. Euskaltzalea da Arana, eta esperantoa euskararen bidez ikasteko tresnak sortzeari ekin zion berehala; berak sortua da lehen hiztegia.
Azpimarratu du esperantoak ez diola inolako kalterik egiten euskarari. “Guztiok dakigu espainolak eta frantsesak zenbateraino kaltetu duten euskara. Gurean, hala ere, ingelesa ikasten dugu. Aitzitik, ingelesak ez al die kalte berbera egiten beste hizkuntza batzuei?”. Aranak azpimarratu du esperantoa “hizkuntza guztien laguna” dela. “Maila berean jartzen ditu denak. Arazoa da ez dagoela heldutasunik hizkuntzei dagokienez”. Euskal Herrian, gaurkoz, makal dago esperantoa; indar handirik ez daukaten hiru elkarte daude.
Aranaren esanetan, heldutasun falta horren isla da egun ingelesak, lehen frantsesak eta aurretik gaztelaniak inposatzeko boterea izatea. “Ez dute hizkuntza soilik inposatzen, kultura jakin bat ere bai”. AEBetako edo Britainia Handiko kulturak aipatu ditu idazleak. “Baina non dago Portugalgoa? Esperantoarekin, kultura bakar batetik edan beharrean, munduko kultura guztietatik edaten da”.
Idealismoa bakarrik ez
Aranak azpimarratu du egun “nazioarteko hizkuntza” deitu ohi zaiola ingelesari. “Baina gezurra da hori. Nazioarteko hizkuntzak daude”, baieztatu du, pluralari indarra emanez. “Jaioterriaren arabera, munduko hizkuntza bat edo beste dela irudituko zaio bakoitzari. Egipton jaioz gero, arabiera; Euskal Herrian, ingelesa; Hego Amerikan, espainola; Afrikan, swahilia eta hausa… Gauzak ez dira esaten diguten bezain sinpleak”. Nazioarteko hizkuntza horien guztien artean esperantoa ere badagoela erantsi du idazleak. “Modu minoritarioan? Bai, baina erabiltzen dugu”.
Ez dakite zenbat diren, baina esperantoak loraldia izan du Internet sarearekin. “Gazte jende asko ari da ikasten”. Etorkizunaz galdetuta, Aranak argi dauka: “Orain arte bezala jarraituko du; porrot egiteko aukerarik ere ez du eduki. Esperantistok badakigu oso ondo funtzionatuko lukeela gobernu ahaltsuak inplikatuko balira, eta nahikoa litzateke hiruk jator jokatuko balute. Hori egiten ez den bitartean, idealista batzuen esku egongo da esperantoa”.
Idealismoa ekintza bihurtu du, hala ere. “Eusko Jaurlaritza zergatik ez da aritzen esperantoz beste herri txiki batzuekin? Katalunia, Lituania, Tanzania, Grezia… Euskararen antzeko egoeran daude hango hizkuntzak, handiagoen mende. Zergatik ez egin halakorik?”. Aranak berak erantzun dio galderari: “Euskal Herrian Udalbiltzak euskararekin egin du hori. Euskarari arnasbide garrantzitsua eman zion udalen arteko harremanak euskaraz izango zirela erabaki zuenean. Normalizazio bidean lagundu zuen”.
Arana sinetsita dago esperantoak lagun diezaiokeela euskarari. “Gaztelaniaren, frantsesaren eta ingelesaren presioa kenduko lioke. Nahi izanez gero, egin daiteke”.