Kirol-osasun hilabete betea dute itsasondoarrek
Asteazkenean hasi eta hilabete amaierara arte luzatuko dituzte ekintzak. Bost jarduera egingo dituzte.
Itsasondoarrek kirol-osasun aste betea izango dute asteazkenetik aurrera, eta hilaren amaierara arte luzatuko dituzte ekintzak. Denera, bost jarduera egingo dituzte. Lehen Sorospen ikastaroarekin hasiko dira asteazkenean, 16:30ean kulturgunean, bi orduko saioa izango da eta datorren asteazkenean errepikatuko dute berriro, otsailaren 11n, leku eta ordu berean. Ostiralean, berriz, kirol egokitua gertutik ezagutzeko aukera izango dute herritarrek, beste bi orduz, 16:30etatik 18:30era bitarte, herriko frontoian bertan.
Larunbaterako ere, egun osorako hitzordua egin dute. Goizean, 10:30ean, mendi irteera egingo dute, plazatik abiatuta, eta arratsaldean, berriz, 16:30ean, kalaka jolasak izango dira plazan, Iturri txiki Guraso Elkartearen ekimenez. Hori gutxi ez, eta zoru pelbikoa lantzeko hitzaldi tailerra ere eskainiko du Sara Majarenas fisioterapeutak otsailaren 19an eta 26an, 17:00etan, kulturgunean. Azkenik, plazan antolatuko duten Zuhaitz egunarekin itxiko dute hilabete osoko jardunaldia, datorren otsailaren 21ean.
Bertaratzeko, animatzeko eta jardueretan parte hartzeko deia egin die herritarrei Itsasondoko Udalak.












