Norbere barrenera heltzeko tailerra egingo dute bihar Zumarragan
Bihar, 20:15ean, Amalur Peñagarikano eta Josune Mendizabalek Experiamarte tailerra egingo dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Ekitaldian Josu Maroto margolariak ere parte hartuko du. Helburua parte hartzaileek bere barruarekin konektatzea da.
Bihar, 20:15ean, Amalur Peñagarikano eta Josune Mendizabalek Experiamarte tailerra egingo dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Ekitaldian Josu Maroto margolariak ere parte hartuko du. Helburua parte hartzaileek bere barruarekin konektatzea da. Sarrerak 10 euro balio du.
Peñagarikano eta Mendizabal izeba-ilobak dira eta iaz erlaxazioari buruzko hitzaldi bat eman zuten. Aurten, beste pauso bat ematea erabaki dute. «Iazko ekitaldia oso arrakastatsua izan zen. Hitzalditik esperientzia bat bizitzera pasa nahi dugu. Giro berezi bat sortu nahi dugu, parte hartzaileak bere barruarekin konekta daitezen», azaldu du Mendizabalek.
Parte hartzailea
Iaz teknikak azaldu zituzten eta aurten ariketak egingo dituzte. «Informazioa eta esperientzia uztartuko ditugu. Ekitaldi parte hartzailea izango da. Iaz hitzen bidez azaldu genuen hori bizi nahi dugu», gehitu du bere izebak.
Euskarazko izenburua Maitasunari tartea eginez bizitzeko artea da. «Gure buruarekin gustura sentitzen garenean oso emankorrak gara eta hori da nahi duguna. Sorpresak ere egongo dira». Hitzaldia bezain arrakastatsua izatea espero dute. «Jendeak galdera asko egin zituen eta kontzeptu askotaz hitz egin genuen. Oso polita izan zen. 10-15 lagun etorriko zirela uste genuen eta 100 etorriko ziren. Hori dela eta, beste ekitaldi hau antolatzea erabaki dugu».
Zelai Arizti aretoan egingo dute, parte hartzea bultzatzeko toki egokia delako eta beraien jarduna herritarrei gerturatzeko ere aproposa delako.
Peñagarikanok eta Mendizabalek teknika ezberdinak (erlaxazioa, meditazioa…) lantzen dituzte Gernikako Arbola plazako beraien txokoan. «Erlaxazioa eta autoezagutza lortzeko ariketak egiten ditugu. Etortzen direnekin oso harreman estua dugu eta guztion mugak lantzen ditugu. Bizio asko ditugu eta horiei buruz hitz egiten dugu. Helburua sinismenak gainditu eta gure barrenera heltzea da. Hala, zailtasunei beste puntu batetik aurre egitea lortzen dugu».