Aiton-amonekin Elkarbizitza Astea egiten ari dira Legazpiko Domingo Agirren
Ospakizuna herrira zabalduko dute larunbatean plazan egingo duten jaialdiarekin
Legazpiko Domingo Agirre eskolan Elkarbizitza Astea ospatzen ari dira eta aurtengo gaia aiton-amonak dira. Aspaldi egiten duten jaiaren helburua da eskolako kide guztien arteko partaidetza bultzatu eta harreman egokiak zein aberatsak sustatzea.
Eskolako Elkarbizitza-Hezkidetza taldeak antolatuta, aste osoan aiton-amonekin haien bizipenak, istorioak, kontakizunak, jokoak, ipuinak eta abar partekatzen ari dira. Ondoren, haurrek egindako diploma jasotzen dute aiton-amonek. Aspaldiko jolasetan ere ari dira HH4 eta LH4 bitarteko umeak.
Asteari amaiera emateko larunbatean jaia herrira zabaldu eta Euskal Herria plazan jaialdia egingo dute. Festara eskola komunitate osoa gonbidatuta dago.
Egitaraua:
- 12:00. Aiton-amonekin egindako argazkiekin hormairudia osatzeko hasiko dira.
- 12:15. Bazkarirako mahaiak antolatzen hasiko dira eta eskolako maskota buruhandia agertuko da plazan.
- 12:30. Jolasak: toka, aroa eta makila, kaxkaarajokoa, txapak, sokatira, makilajea…
- 13:15. Zunba saioa.
- 14:00. Elkarbizitza pankartaren kokapena udaletxean eta ondoren bazkaria.
- 15:30. Musika eta dantzaldia.
- 18:00. Mahaiak jaso.













