Erraustegiaren kontra elkartu dira Legazpin
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deituta, Gipuzkoako dozena bat herritan elkarretaratzeak egin zituzten atzo. Guztira, 650 bat lagunek egin zuten protesta anbulategien aurrealdeetan. Horietako bilkura bat Legazpin egin zuten, Errausketarik ez, Osasuna bai! lemapean, eta 30 bat lagun elkartu ziren.
Azken aste eta hilabeteetan erraustegien inguruan ateratako hainbat albistek, herritarren “kezka areagotu” dutela diote. Anbereseko erraustegia lehertu egin zela, eta AEBtan nahiz Sardinian, suteak izan zirela gogorarazi dute. Mexikon, Japonian edo Bizkaiko Zabalgarbin berriz, isuriak izan direla diote. Horrez gain, CSIC-eko ikerlariek Zubietako erraustegiaren inguruan egindako ikerketa batek, “12 sustantzia toxiko oso larri” isurtzeko baimena duela utzi du agerian, “mugagabe eta kontrolik gabe”.
Hori guztia dela eta, Erraustegien Aurkako Mugimenduak “Zubietako obren berealako geldialdia” eskatu du, eta “frogatuak dauden alternatiba merke eta osasuntsuak” ezarri daitezela. Eztabaida “publiko eta tekniko bat” eskatu dute, eta horren ondoren, gizarteak erabaki dezala proiektu horren inguruan.