Hiri Galduak herriko taldeak Niko Etxartekin joko du bihar Labeagan
Bihar hasiko da Poligrafo Fest! musika jaialdiko bigarren asteburua. Hiri Galduak Zumarraga eta Urretxuko taldeak eta Niko Etxart Iparraldeko rockero mitikoak joko dute. Larunbatean beste bost talde ikusteko aukera egongo
Bihar hasiko da Poligrafo Fest! musika jaialdiko bigarren asteburua. Hiri Galduak Zumarraga eta Urretxuko taldeak eta Niko Etxart Iparraldeko rockero mitikoak joko dute. Larunbatean beste bost talde ikusteko aukera egongo da.
Biharko kontzertua Urretxuko Labeaga aretoan izango da. 22:00etan Hiri Galduak taldeak joko du eta 23:00etan Niko Etxartek. Azken honek Hapa Hapa taldeak lagunduta joko du. Sarrerek 20 euro balio dute eta Motz tabernan jarri dituzte salgai.
Josu Calvo, Hiri Galduak taldearen sortzailea, oso pozik ageri da. «Oso pozik gaude, Poligrafo Fest! jaialdia herrian antolatzen den garrantzitsuena baita, Kalegorrianekin batera. Gainera, Niko Etxartekin jotzeko aukera edukiko dugu».
Zumarragako musikaria Etxarten jarraitzailea da. «Euskal rockaren munstro bat da. Dinosauro bat. Guretzat oso esperientzia polita izango da berarekin jotzea. Adi egongo gara, ea beraiengandik zerbait ikasi dezakegun».
Hiri Galduak taldeak irailean plazaratu zuen Paititi diskoa eta dagoeneko 20 kontzertu baino gehiago eman ditu. Donostia, Sopela, Urruña, Urretxu, Oñati, Antzuola, Beasain, Legazpi, Gasteiz, Igantzi, Aretxabaleta, Durango, Lemoa, Getxo, Lazkao, Bilbao, Santurtzi eta Legorretan jo dute.
Calvoren esanetan, azken bi kontzertuak, joan zen astean Legorretan egin zutena eta bihar Urretxun egingo dutena, «opariak» dira. «Legorretan Liberekin jo genuen, herriko antzokian. Lehen aldiz, elektrikoan jo genuen. Labeaga aretoko kontzertura ondo prestatuta joateko balioko digu. Legorretako eta Urretxuko kontzertuetako irudiekin bideoklip bat grabatu behar dugu».
Hiri Galduak Calvoren proiektu pertsonal bat da eta talderako Urretxu eta Zumarragako beste talde batzuetako hainbat musikari fitxatu ditu: Aitor Carrascok bateria jotzen du, Aitor Urteagak baxua eta Joseba Laskurainek gitarra. Calvok, abesteaz gain, gitarra jotzen du.
Larunbatekoak
Larunbateko kontzertuei dagokienez, Gernikako Arbola plazan izango dira eta sarrera doan izango da. 20:00etan Azkaiter Pelox Rockabilly Riot taldeak joko du, 21:00etan Libek, 22:00etan Mice taldeak, 23:30ean The Kleejos Band-ek eta 01:00etan Señor Nok.
Señor No taldea Euskal Herriko punk-rock talde beteranoenetakoa da. 25 urte daramatzate dagoeneko kontzertuak ematen, baina lehen egunean bezain indartsu ageri dira.
The Kleejos Band Zaragozako taldeak lau disko kaleratu ditu eta oso zuzeneko indartsua du. Libe talde gasteiztarrak bere bigarren diskoa aurkeztuko du: Ilargia erori da. Mice taldea, berriz, Miren Narbaiza eibartarraren taldea da. Napoka Hiria eta Perlak taldeetan jo du eta Urretxura Joseba B. Lenoir gitarra jotzailearekin etorriko da. Azkenik, Azkaiter Pelox Rockabilly Riot Bergarako taldeak 1950eko hamarkadako rythm&bluesa eta rockabillya nahasten ditu.