Ampo Ordiziak Gernikari irabaziz bukatu du liga erregularra
Ampo Ordiziak bere helburua lortu du. Bizkaia Gernikari 30-21 gailendu zaio gaur arratsaldean Altamiran, eta horrenbestez, bost puntu eskuratu ditu. Emaitza horrekin laugarren postuan da orain Ordiziako taldea, eta biharko partidan gertatzen denaren zain geratu beharko du. Bihar, Valladoliden, El Salvador eta Senor Independientek neurtuko dituzte indarrak. Lehenek irabazten badute, laugarren postua Amporentzat izan da, eta final-laurdenetako partida jokatu ahalko du maiatzaren 6an Santanderreko taldearen aurka. Senorrek irabaziz gero, partidari San Roman zelaian jokatuko da.
Partida borrokatua izan da gaurkoa, eta atsedenaldira 15-14 aurretik joan da Ampo Ordizia (5-0, 5-7, 5-14). Bigarrenean hautsi du norgehiagoka etxeko taldeak, zigor kolpe bat eta beste bi entsegu lortuz (18-14, 25-14 eta 30-14). Hondar minutuetan azken entsegua gauzatu dute bizkaitarrek. Ampo Ordiziak 72 punturekin amaitu du liga erregularra, 13 partida irabazi, 8 galdu eta bat berdinduta.
Bikaina izan giroa Altamiran, eta partida amaieran Ampo Ordiziako lau jokalariri aitortza xume bat egin diete, elastiko bat oparituz. Guztiek ehun partidatik gora dituzte jokatuak Espainiako Ohorezko Mailan. Xabier Lermak 307, Iñaki Puyadenak 293, Axier Alvarez de Eulatek 234 eta Mikel Aizpuruak 126. Ondoan izan dituzte, besteak beste, Joanes Aierbe, Mikel Mate, Phil Huxford eta Josu Oiarbide jokalari ohiak.