Jende ugari hurbildu zen Gerriko liburu dendara liburuak pisura erostera
Lazkaoko Gerriko liburu dendak bere ekarpena egin nahi izan zion atzo, apirilak 23, Nazioarteko Liburuaren Egunari, eta
Kilo bat liburu euro baten truke egitasmoa jarri zuen martxan. Emaitza “oso ona” izan zen, izan ere 145 kilo liburu saldu zituzten pisura.
Goizeko 9etatik 13:00etara eta arratsaldeko 16:30etik 20:00etara jarri zituzten liburuak pisura salgai, Gerrikoren atarian. Atzera geratutako liburuak ziren, batek baino gehiagok esan zuen bezala, “altxorrak”. Denda barruan, liburu berriak, %10 merkeago erosteko aukera izan zen.
Egun guztian, etenik gabe, izan zen jendea mahaietan, ikusten, pisatzen eta erosten, eguraldi ederra lagun: euskaltegiko ikasleek euskara ikasteko metodoak; haurrek ariketa liburuak, animalienak…; nobela, poesia, bidaiak, mapak, sukaldaritza…
“Balorazio oso ona, egun borobila. Orain, erositakoak irakurtzen badu lana jendeak” zioten Gerriko dendako arduradunek Lazkaoko liburuaren eguna amaitzean.