Jubenil mailako txirrindularitza proba antolatu dute datorren iganderako Idiazabalen. Ibilbideak hiru igoera izango ditu, eta horrekin tropela haustea espero dute antolatzaileek.

Datorren apirilaren 29an, igandean, jubenil mailako txirrindularitza proba egingo dute Idiazabalen. Aitor Zuriarrain (Idiazabal, 1976) antolakuntzako kidea da eta probaren inguruko xehetasun guztiak eman ditu.
Lehenengo aldiz jubenil mailako txirrindularitza proba antolatu duzue Idiazabalen. Nolatan?
Txirrindularitzak badu tradizioa Idiazabalen, izan ere, orain dela urte asko antolatu izan dira maila honetako beste hainbat proba. Herriko festetan ere txirrindularitza proba antolatu ohi dugu, eta oraingo honetan, federaziotik etorri zaizkigu proba hau Idiazabalen egiteko proposamenarekin. Baiezkoa eman genien.
Zein izango da ibilbidea?
Ibilbide polita prestatu dugula uste dut. Irteera Pilarenean egongo da, eta handik Zegama aldera egingo dute. Idiazabalera etorriko dira berriro, ondoren Alegiara joateko. Alegitik berriro ere Idiazabalera itzuli, eta Albitxu igoko dute. Ormaiztegi, Lierni eta Segura igaro ondoren, Idiazabal aldera egingo dute bigarren aldiz Albitxu igotzeko, eta hortik, helmugara joko dute. Hiru igoera izango dira eta oso erabakigarriak izango dira. Esprinta izaten bada ere, talde txikian iritsiko direla uste dut.
Nongo txirrindulariak etorriko dira?
Euskadi, Nafarroa, Errioxa, Asturias eta beste hainbat tokitatik ere etorriko dira. 120 bat txirrindulari federatu espero ditugu igandean.
Jende asko egongo al zarete egun horretan lanean?
Boluntario asko elkartuko da eguna behar bezala joan dadin. 70 pertsona gaude lan taldean eta haiei guztiei eskerrak ere eman nahi dizkiet. Horrelako kirol proba bat prestatu, koordinatu eta egiteko, guztien laguntza behar-beharrezkoa baita.