Aralarko larreen irekiera festa egingo dute maiatzaren lehenean
Maiatzaren lehenean zabalduko ditu Enirio Aralar Mankomunitateak larre eta belardi komunak. Urrira arte, abelburuak hantxe elikatu ahalko dira. Aurten 17.400 ardi, 1.000 behi eta 720 behor igoko dira Aralarko goi larretara. Urteroko moduan, festa batekin emango diote hasiera larreen irekierari. Asteartean izango da, Larraitzen.
Goizean, 10:00etan irekiko dituzte artisau postuak eta trikitilariak ere bertan izango dira, festa girotzeko. 11:30ean hasiko da mendiko larreen irekiera ekitaldia. Administrazio eta abeltzainen arteko konpromiso ekitaldia ere izango da. Horretarako, langako giltza esku aldatuko dute eta abeltzain bati omenaldia egingo diote. Jarraian, suziria botako dute eta horrekin batera, Aralarko larreak irekita geldituko dira.
Ekitaldi ofizialaren ondoren, herri kirol ikuskizuna ere antolatu dute. Iker Vicente eta Arria V aizkolariak, nor ala nor ariko dira. Bertsotan ere ariko dira, Mikel Mendizabal eta Bixente Gorostidi. Kantuan berriz, Jose Ignazio Barberia ariko da.