Irribarria eta Ezkurdia gustura iganderako aukeratutako pilotekin
Iker Irribarria pilotari aramarrak igandean ekingo dio buruz buruko pilota txapelketari Eibarko Astelenan. Joseba Ezkurdia izango du aurkari final laurdenetan, binakakoa irabazi berri duen arbizuarra. Ezkurdia inoizko sasoirik onenean dago, eta Irribarriak hiru aste daramatza jokatu gabe. Itsaronaldia “luze” egin zaiola esan du Aramakoak, eta igandean “aurrez egindako lan guztia demostratu” beharko duela. Jaialdia 17:00etan hasiko da, eta sarrerak salgai daude.
Gaur aukeratu dute igandeko partidarako materia, eta konforme agertu dira biak. Materiala “ona” dela eta “aitzakiarik ez” dela izango esan du Ezkurdiak. Irribarria ere gustura agertu da: “Material ona da, Astelenan buruz buruan jokatzeko egokia”.
Batak bestearekiko loreak izan dituzte, eta bat etorri dira partida zaila izango dela esaterakoan. Irribarriak dio, gehien kezkatzen duena aurkaria dela, eta bere “jokoa eta erritmoa” ezartzen asmatzea. “Ezkurdiak bolea bortitza du eta ondo defenditzen du. Partida oso zaila izango da. Ea debuteko nerbioak kontrolatzea lortzen dudan, neure maila eman ahal izateko”.
Ezkurdia berriz, “lasaiago” dago lehen kanporaketa gainditu eta gero. Irabazteko “asko sufritu” behar izan zuela azaldu du, baina orain Irribarriaren kontra jokatzeko “gogoz eta ilusioarekin” dagoela. Aramarra deseroso sentiarazten saiatuko dela dio, mugiarazten. “Bere eran eta gozo jokatzen uzten badiot, berak dominatuko du, duen kolpe berezi horrekin”.
Albisu lehiatik kanpo
Jon Ander Albisuk final hamaseirenetan ekin zion buruz buruko txapelketari. Aurreneko kanporaketa irabazi egin zuen, Zabaleta mendean hartuta. Zortzirenetako partidan ordea, Olaizola II.aren kontra galdu zuen, joan den larunbatean, eta lehiaketatik kanpo gelditu da ataundarra.