Emakumeei bidea irekitzen
1978an jokatu zuen lehenengoz neska talde batek saskibaloian Ordizian. Aitortza egin die klubak taldekideei.
«Beste garai batzuk ziren», horiek dira Maite ...
1978an jokatu zuen lehenengoz neska talde batek saskibaloian Ordizian. Aitortza egin die klubak taldekideei.
«Beste garai batzuk ziren», horiek dira Maite Lizasok (Ordizia, 1961), Marisabel Mediavillak (Ordizia, 1962) eta Marixabel Usabiagak (Ordizia, 1958) behin eta berriz errepikatutako hitzak. Ordiziako Saskibaloi Taldeko emakumezkoen lehenengo taldeko jokalariak izan ziren hirurak. Harrezkero, 40 urte pasatu dira eta orain, klubak, aitortza egin die talde hura osatu zuten emakume guztiei.
Karmele Etxeberria, Ascen Markinez, Marian Dominguez, Elena Guerrero, Gemma Pagnon, Arantxa Goiburu, Ana Rosa Etxarri, Arrate Pagnon, Amaia Mingo eta aurretik aipatutako beste hirurak izan ziren lehenengo talde hartako jokalariak. Entrenatzaileak, berriz, Juan Antonio Garate eta Roberto Sanz. Emakumeek osatutako lehenengo saskibaloi taldea zen Ordizian, eta «Ilusio eta gogo handiz osatu» zuten gainera, haiek adierazi dutenez.
Gogoratu dute nola garai hartako egunkarietako kroniketan ere agertu zen beraien albistea. Garai hartan «umeak» ziren, eta «harrituta» begiratzen zituzten eurak protagonista ziren albiste haiek. Gaur egun, emakumeek kirola egitea oso ohikoa eta arrunta bada ere, «haiek, beste garai batzuk» zirela errepikatzen dute.
Urtebete ligan
Lehenengo talde hark «ibilbide laburra baino oso intensoa» izan zuen, Lizasok berak kontatu duenez. 1978an jokatu zuten lehenengo liga, urtebete entrenatzen igaro ondoren. «Ordu asko igarotzen genituen Beti Alai pilotalekuan, mutilen entrenamenduak ikusten», argitu du Usabiagak. Entrenamenduak ikusten bakarrik ez, haien kasa saskibaloian ere jokatzen zuten.
Hori horrela, Ordiziako klubak taldea osatzeko eskaintza egin zien eta neska taldeak «pozik» eman zuen baiezkoa. «Urte haietan jende oso konprometitua zegoen klubeko zuzendaritza taldean; Joxe Oiarbide, Jose Felix Sarasola edo Txarli besteak beste, eta haiengandik jasotako babesa oso handia izan zen», gogoratu du Garatek.
Taldeko neskek, 15-16 urte inguru zituzten orduan eta gaur-gaurkoz arraroa izan badaiteke ere, partidak jokatzeko ekipazioa lortzeak «ahalegin handia» suposatu zien: «Galtzerdiak inguruko enpresa batek eman zizkigun, horrela behintzat, denek berdinak eramango genituen; prakak, guk geuk erosi genituen, denontzat berdinak hartu genituen ekipazio itxura izan zezan; kamisetako zenbakiak josita eramaten genituen eta zapatilak? Zapatilak ere hala moduzkoak erabiltzen genituen, gaur egungoak bezalakoak behintzat ez ziren».
Entrenatzeko baldintzak ere, ez ziren askoz hobeak: «Praileetan hasi ginen entrenatzen, euria, beroa edo hotza egin, ez genuen kale egiten», kontatu dute hiru jokalari ohiek.
Partidak etxetik kanpo jokatzen zituztenean ere, abentura ugari. «Autobusik ez genuen, gurasoek edota gertukoek kotxean eramaten gintuzten. Kontuan izan, garai hartan etxe guztietan ez zegoela kotxerik». Beste batzuetan trenez ere joaten ziren.
Oraindik ondo gogoan dute, lehenengo partida irabazi zuten egun hura. «Donostian izan zen, San Bartolome taldearen aurka eta 29-31 egin genuen. Oso partida borrokatua izan zen hura», gogoratu du Garatek. Irabazi zuten partida bakarra hori izan zen eta ondoren, «garaipen hura ospatzeko, Pias tabernan pote bat hartu» zuten. «Sekula ahazten ez den egun horietako bat izan zen guztiontzat», erantsi du entrenatzaile ohiak.
Gaur egun, garai hartan ireki zuten bidearekin eta etorkizunari begira haiek egindako ahaleginak suposatuko zuenarekin «kontziente ez» direla adierazi dute.
Aitortza «hunkigarria»
Pasa den larunbatean, Ordiziako Majori kiroldegian, klubeko EBA mailako mutilek etxean jokatzen zuten ligako azken partida zela aprobetxatuz, aitortza egin zioten lehenengo emakumezkoen taldeari. «Oso hunkigarria izan zen», jokalari eta entrenatzaile ohiak esan dutenez. «Gaur egungo neskato gazteenen taldeak, opari bana eman ziguten jokalari bakoitzari. Gu jokalari gineneko argazkia zen», gaineratu dute.
Horrez gain, taldeko argazkia ere atera zuten. «Aitortzaren unean hasi ginen konturatzen egindakoaren garrantziaz», nabarmendu dute. Gaur-gaurkoz 13 talde ditu Ordiziako Saskibaloi klubak, eta horietako zazpi neskek osatzen dute.