Futbolari onenaren kamiseta, Ezkion
Nesken futbolak pauso erraldoiak eman ditu azken urteetan. Klub handiek nesken taldeak atera dituzte eta goierritar askok emakumezko jokalariak gizonezkoak bezainbeste edo ...
Nesken futbolak pauso erraldoiak eman ditu azken urteetan. Klub handiek nesken taldeak atera dituzte eta goierritar askok emakumezko jokalariak gizonezkoak bezainbeste edo gehiago jarraitzen dituzte. Ezkion bizi den Helena Bilbao zumarragarrak, adibidez, emakumezko futbolariak sare sozialetan jarraitzen ditu eta horrek saria ekarri dio: iaz munduko jokalari onena izendatu zuten Bartzelona taldeko Lieke Martensek babestutako lehiaketa bat irabazi du eta berak sinatutako kamiseta oparitu dio.
Bilbaori umetatik gustatzen zaio futbola. «Baloi eta pilota guztiak atsegin nituen. Pilotan ere jokatu nuen. Azkenean, futbola aukeratu nuen». Urola, Ilur eta Beasain taldeetan jokatu du, eta egun Goierri Gorrin jokatzen du. Erdilaria da.
Futbolean jokatzeaz gain, lehen mailako taldeak eta jokalariak jarraitzen ditu. «Lehen mailako jokalariak jarraitzen ditut, Twitter bidez. Jarraitzen ditudanen artean Lieke Martens Bartzelona taldeko herbereetarra dago». Jokalari horrek neskak We Play Strong lehiaketan parte hartzera animatu zituen eta Bilbaok parte hartzea erabaki zuen. «Futbolarekin lotutako argazkiak eta bideoak bidali behar ziren. Argazkietan eta bideoetan futbolean jokatzen azaldu behar ginen, edozein toki eta egoeratan. Helburua neskok ere futbola maite dugula erakustea zen».
Txakurra ere, futbolaria
Lehiaketaren berri izan zuenerako Bilbaok bideo bat grabatua zuen eta hori bidaltzea erabaki zuen. «Etxe aurrean grabatu nuen, Oker txakurrarekin». Txakurrari ere baloiarekin jolastea gustatzen zaio eta etxeko baloia galdu du. Hori dela eta, argazkian baloirik gabe ageri dira.
Txakurrarekin grabatutako bideoa editatzeko orduan, txuri-beltzera pasatu zuen. «Txakurra eta ni bakarrik azaltzen gara koloretan: txakurra beltza da eta lepoko gorria du eta ni jertse gorriarekin eta praka beltzekin ageri naiz. Jendeak bidalitako lanak ikusten hasi nintzen eta ez zitzaizkidan oso originalak iruditu. Nireak irabazteko aukerak zituela iruditu zitzaidan».
Eta hala suertatu zen. «Mezu bat bidali zidaten eta helbidea eskatu. Dagoeneko berak sinatutako kamiseta esku artean dut».
Martensez gain, Bartzelonako eta Athletic-eko jokalari batzuk jarraitzen ditu. Baita Irene Paredes legazpiarra ere. «Irene da nire jokalari kuttuna. Izan ere, Legazpikoa da eta herriko taldean hasita, egindako lanari esker, nahi duen lekura iritsi da», amaitu du Bilbaok.