Igandeko txangoa, lantegira
Gipuzkoako edozein eskualderen ezinbesteko osagai dira lantegiak, enpresak eta industrialdeak. Paisaiaren parte, eta gizartearen nortasunean iltzatutako DNA katebegi. Baina zer daki herritar arruntak lantoki horietan egiten denaz? Nork eta nola ekoizten ditu salgaiak? Zer prozesu dute zerbitzuek? Norentzat dira? Nora doaz? Ezjakintasuna nabarmena da, oro har. Hain zuzen ere, gabezia horri erreparatu diote Galder Guenaga eta Goizalde Hernando EHUko irakasleek, eta industria turismoaren arloa aztertu dute, irtenbide gisa. Lazkaoko XVI. Gerriko Ikerlan Beka irabazi zuten duela sei urte, eta tesi bana ondu dute harrezkero. Martxoan aurkeztu zuten emaitza: Turismo industriala Goierrin eta Euskadin: enpresak bertatik bertara bisitatzeko aukerak eta onurak liburua.
Munduan, industria turismoaren kontzeptua ez da oraingoxea. XIX. mendearen amaieran, bisita gidatuak antolatzen hasi ziren AEBetako hainbat enpresa, sukaldea erakusteko bezeroei, kontsumitzaileei eta herritar soilei. Euskal Herrian, nekazaritza-turismoa eta turismo enologikoa dira adibiderik ohikoenak. “Baserriak edo upategiak ez ziren sortu turistak erakartzeko eta bisitariak apopilo hartzeko, baina, jarduera osagarri gisa, askotan egoerak hartara behartuta, turismo-leku ere bihurtu dira”, nabarmendu du Guenagak.
Ikertzaileen iritziz, industria turismoa beste enpresa batzuek ere kopiatzeko moduko jarduera izan daiteke. “Ez dugu esan nahi CAF, Irizar edo Petronor biltzartoki bihurtuko direnik. Herritar, bisitari eta eskolei ateak zabaltzea da proposamena; bisita didaktiko, turistiko eta kultural bihurtzea”.
Irakasleek argi dute enpresak ere kultura direla. Bi adar ditu industria turismoak; batetik, industria turismoa zera da, bertan behera geratutako enpresa, meategi eta ekoizpen guneak bisitatzea; museo bilakatutako fabrika ohiak izaten dira sarri. “Industria ondare bizia” da bigarren atala, Euskal Herrian aukera asko dauzkala uste dutena: martxan dauden enpresak bertatik bertara bisitatzea. “Ez dezagun utzi enpresak itxi eta desager daitezen kulturaren labela aitortu arte. CAF itxi eta museo bihurtu ondoren, orduan joango dira Japoniako turistak fabrika zahar horretara, behinola trenak nola egiten zituzten ikustera? Ez. Egokiagoa da orain joatea, egiten ari diren bitartean”, salatu du Guenagak.
Enpresa ugari bisitatu dute sei urteotan, ikasleekin antolatutako txangoetan maiz. Industria turismoaren kontzeptua barneratu, eta parte hartzeko prest egongo liratekeen galdetuta, lantegi askotan mesfidantza sumatu dute. Ezezkoa jaso dute. “Ezezaguna den formula batetiko mesfidantza dute nagusiki”, zehaztu du Guenagak. “Ezezagunak ziurgabetasuna eta errezeloa sortzen duelako beti; eta, noski, etxeko ateak zabaltzea ez delako hain samurra. Landu egin beharra dago, eta plangintzak egin; zer, nola eta noiz erakutsi pentsatu. Baina erronka polita da”. Europan, herrialde batzuek indarrean daukate industria turismoa. Guenagak Angers (Frantzia) edo Turin (Italia) aipatu ditu adibide gisa. Enpresak ikusteko antolatutako txangoen egutegiak dauzkate —batzuek ospea daukate mundu osoan—. “Hiri edo eskualde bakoitzak bere formula dauka. Guk ere gurea asmatu beharko genuke Euskal Herrian”. Garbi utzi dute, hala ere, masa-turismotik urrun dagoen kontzeptua dela industria arlokoa. “Ez dugu hori nahi. Kopuruz baino gehiago, kualitatiboki izan dezake balioa eta indarra”. Onuren artean, bi goratu dituzte besteen gainetik: logikoa denez, bisitariak handitu egiten du ikusi duen lantegiarekiko ezagutza maila, eta iritzia aldatzen da. “Hobera, salbuespenik gabe. Halako lotura emozional bat sortzen da bisitariaren eta bisitatutako enpresaren edo markaren artean. Hori nabarmendu beharko genieke errezeloa daukaten enpresaburuei”. Badagoena aktibatzea falta Euskal Herria oso industria girokoa den arren, Guenaga eta Hernando jabetu dira ez dagoela industriaren ezagutza handirik. “Gehiago esango dut”, gaineratu du lehenengoak: “Oro har, industria ez da oso begi onez ikusten. Herritarrek badute orban edo susmo bat: enpresa esplotatzailea da, lapurra, langileak zanpatzen dituena…”. Irakasleen ustez, bisitak baliagarri izan daitezke halako susmoak desegiteko. “Zer esanik ez ikastetxeentzat. Teoria eta praktika lotzea da; unibertsitatea eta enpresa lotzea”. Bestetik, horren eremu industrializatua izanda, ikertzaileen ustez erabat egingarria da industria turismoa gauzatzea. “Enpresak hor daude dagoeneko. Ez dago ezer berririk sortu beharrik, ez inbertsiorik egin beharrik, ez kanpoko frankiziarik ekarri beharrik. Amuzki turistikoa aktibatu beharko litzateke turismorako, baina hor dago, indarrean eta arrakastaz. Sos publikoei dagokienez, oso garrantzitsua da hori”. Eskaintza aztertzeaz gain, eskaria ere aztertu dute —bisitari potentzialak—. Bi aldeetan ikusi dute prestutasuna, nahiz eta “aktibatu” beharra dagoen. Euskal Herri osoko biztanleek egin ahal izango lukete industria turismo hori, gertutasunagatik, eta ohiko turismoaren osagarri izango litzateke: beste eskaintza bat kanpoko bisitarientzat. Lanerako bizi ordez, bizitzeko lan egiteko beste produktu bat ekoitzita, bide batez.“Herritar, bisitari eta eskolei enpresak zabaltzea da proposamena: bisita didaktiko, turistiko eta kultural batez”
“Halako lotura emozional bat sortzen da bisitariaren eta bisitatutako enpresaren edo markaren artean”
Galder Guenaga (Industria turismoaren ikertzailea)