Kataluniak lehenengoz parte hartuko du Urretxuko Kulturen Azokan
Maiatzaren 5ean Kulturen Azokaren seigarren edizioa egingo dute Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Zortzi herrialde ezberdinetatik etorritako urretxuarrek parte hartuko dute. Gastronomia postuak, ikuskizunak, tailerrak eta jolasak egongo dira egun osoan
Maiatzaren 5ean Kulturen Azokaren seigarren edizioa egingo dute Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Zortzi herrialde ezberdinetatik etorritako urretxuarrek parte hartuko dute. Gastronomia postuak, ikuskizunak, tailerrak eta jolasak egongo dira egun osoan zehar.
Azoka atzo aurkeztu zuten Gernikako Arbola plazan bertan. Aurkezpenean Jon Luqui alkateak eta Flor Blanco (Nikaragua), Filomena Obono (Ekuatore Ginea), Julia Georgina (Honduras), Faviola Silva (Honduras) eta Monica Leiva (Katalunia) Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko kideek parte hartu zuten. Leiva Mahaiko dinamizatzailea da.
Kulturen Azoka eskualdean elkarrekin bizi diren pertsona, tradizio eta kultura aniztasunaren balioa aldarrikatzen duen topagune bat da. Antolatzaile eta parte hartzaileek kohesio soziala lortu nahi dute, bizikidetzaren bitartez eta bizilagun guztiak onartuz.
Aurten zortzi herrialdetatik etorritako bizilagunek parte hartuko dute: Brasil, Ekuatore Ginea, Honduras, Nikaragua, Maroko, Pakistan, Senegal eta Katalunia. Kataluniarrek lehenengoz parte hartuko dute.
10:30etik 20:00etara herrialde ezberdinetako komunitateek eta hainbat elkartek munduko toki ezberdinetako gastronomia erakutsiko dute. 11:00etatik 13:00etara batukada talde ezberdinek kalejira egingo dute, 11:30ean kapoeira ikuskizuna egongo da eta 13:00etan rap eta break dance saioak egongo dira.
Arratsalderako ere ekitaldiak antolatu dituzte: 15:00etan kantu eta dantza libreko saioak egongo dira eta 20:00etan Pancho Balbuenak rantxera kontzertua egingo du.
Tailerrak
Gainera, tailerrak egongo dira. 10:30ean makramezko pultserak egiten eta arabiarren moduan idazten irakatsiko dute, 11:00etan saskigintza, kamiseta estanpazio, hama, henna eta grafiti tailerrak egongo dira, 11:30ean haurrei aurpegiak margotuko dizkiete eta 12:00etan xake tailerra egingo dute eta ipuin kontaketa eta eskulanak egongo dira.
Arratsaldean ere tailerrak egongo dira. 17:00etan makramezko pultserak egingo dituzte, 17:00etan ipuin kontaketa, eskulanak eta txapa tailerra egongo dira, 17:30ean zirku tailerra egingo dute eta 19:00etan ipuin kontaketa eta eskulanak egongo dira berriro.