Ahots moreak, Egun Morean
Egun Morea ospatzen ari dira lehen aldiz Legazpin, Onfire taldeko emakumeek antolatuta. Bertso saio morea antolatu dute honen harira, herriko bost emakume bertsolari gazterekin
Egun Morea ospatzen ari dira gaur, lehendabiziko aldiz, Legazpin. Onfire taldeko emakumeek antolatu dute ekimena, feminismoa aldarrikatzeko eta gazteei egunean zehar ere jaiak ospatzeko aukera emateko. Honen harira, bertso saio morea antolatu dute herriko bost neska bertsolari gazterekin, haiek ikusarazteko asmoz. 14:30etan, berriz, bazkaria egin dute.
Martxoaren 8ko ekintzek izan zuten arrakasta dela eta animatu dira Onfire taldeko emakumeak eguna antolatzera. Txosna gunean feminismoa osagarri gisa agertu ordez, txosnagune feminista sortu nahi dute. Arratsaldean, Erein taldeak kontzertua eskainiko du eta gauerdian, nor da nor jolasa osatuko dute, emakumeen argazkiekin, haien ikusgaitasuna lantzeko.
Gainera, esku-hartze protokoloa ere osatu dute, txosnagunean erasorik gertatuz gero zein pauso jarraitu jakiteko. Horretarako, Gasteizko mugimendu feministako protokoloa hartu zuten oinarri. Bestalde, La Manada-ren auziak izan du Legazpin ere oihartzuna, eta txosnagunean ”Eraso, abusu… bortxaketa da eta kitto!” jartzen duen pankarta zintzilikatu dute, haien desadostasuna adierazteko.
Gazteek antolatutako festen ondoren, bihar hasiko dira ofizialki Legazpiko Santikutz jaiak.