Umeak dira gaur protagonista, San Prudentzio jaietan
Umeen eguna ospatzen ari dira gaur Lazkaon, herriko jaien barruan. Egunean zehar puzgarriak eta tailerrak antolatu dituzte, eta arratsaldean Play backa izango da
Umeen eguna dute gaur Lazkaon, San Prudentzio jaien harira. Antzar Gazteak txistulari taldearen goizeresiarekin ekin diote egunari, 9:30etan hasita. Ondoren, haur parkea jarri dute 11:00etatik 13:30etara, eta arratsaldean ere izango dute etxeko txikiek puzgarrietan ibiltzeko aukera, 17:00etatik 19:00etara. Eguraldiaren iragarpena dela eta, kiroldegian jarri dituzte puzgarri eta tailerrak, nahiz eta goizean ez duen euririk egin.
Arratsaldeko zazpiretan, Play backa izango da plazan, eta haurrek azken asteetan prestatutako koreografiak dantzatuko dituzte eszenatoki gainean. Honen ondoren, Kantu Kolore eta Ilargi Beltza taldeek emanaldia eskainiko dute.
Haurren eguna izanda ere, ekintza gehiago izan dira haurren parkeaz gain. 12:00etan, Kantaka abesbatzak kontzertua eskaini du, San Migel parrokian. Horrez gain, arratsaldean, sardina jana egingo dute herritarrek, plazan.
Bihar, kuadrila eguna
Bihar izango da festetako egun handienetariko bat lazkaotarrentzat. Kuadrila eguna ospatuko dute, eta 12:00etan egingo dute bilkura, Sugarri Txarangak girotuta. Arratsaldean, 18:00etan Kiki, Koko eta Moko pailazoek ikuskizuna eskainiko dute gazteenentzat, Lazkao Txiki plazan. 19:30etan berriz, Brinkadeira taldea izango da giroa berotzen, eta 20:00etan berriz, Pasarela Orkestrak joko du plazan. Txosnan, aldiz, Dj Bullek jarriko du musika, 23:00etatik aurrera.