La Salleko, Arri BKL-eko eta Beasaingo Udal ordezkariak partidaren hasieran.
Beasaingo Udalak, La Sallek eta BKL-ek sinatutako hitzarmenaren ondorioz, eta 30 urte beranduago, saskibaloiko partida ofizialak La Salle ikastetxeko kantxa berrituan jokatzen hasi ziren pasa den ostiralean. Udalaren esanetan, “azken urteetan BKL-k sekulako gorakada izan du jokalari kopuruan saskibaloiaren gainean egindako sustapen lan bikainari esker. Horrek klubak talde gehiago sortu behar izatea ekarri du. Ondorioz, kiroldegiko saskibaloi kantxaren erabilera saskibaloiak bereganatu du hein handi batean eta honek erabilera publikoa murritzagoa izatea ekarri du. Arazo honi lotuta, Udal gobernuak saskibaloia eta honen jarraitzaileak eta giroa, hainbeste urteren ondoren, herriaren erdigunera berriro ekartzeko aukera ikusi zuen eta honela bide batez, inguruko ostalaritza eta merkataritza indartu”.
Udalak La Salle ikastetxearekin eta BKL saskibaloi taldearekin sinatu du hitzarmena, “alde guztien interesak mahai gainean jarri eta guztien onerako izan den akordioa lortu du gauzatzea”. Era horretan, “ikastetxeak bere kirol instalakuntzak hobetu ditu, patioa estali da eta aldagelak eta ondoko egoitzak berritu dira. Honela, jarduera gehiago egiteko aukera zabaldu da eguraldiaren menpe egon gabe”.
Saskibaloi taldeak, berriz, “entrenamendu eta partidu ofizialetarako egoitza berri bat gehiago izango du kiroldegiko kantxa libratuz erabilera publikorako”. Udalak bere aldetik, “ikastetxeari instalakuntza hau birmoldatzeko lanengatik emandako laguntzaren truke, kiroldegiak saskibaloiaren erabileraren morrontzagatik zuen lotura kentzeaz gain, herriaren erdigunera berriro saskibaloi partidu ofizialak ekartzea lortu du eta herritarrei instalakuntza eraberritu bat erabiltzeko aukera jarri die”.
Arri BKL-eko infantil handi neskak.
Partida galdu
Partidari dagokionean, Arri BKL-ren nesken infantil handi taldeak puntu batengatik, 37-38 galdu zuen Oiartzungo taldearen aurka.