Ez du frogatutzat eman proiektu horrek ez duenik "inpaktu negatibo esanguratsurik" sortuko. Ingurumen inpaktua neurtezko "dokumentu tekniko xehatua" eta bide azpiegitura plan bat eskatu ditu txostenean
Gipuzkorko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzak ez du ontzat eman Enirio-Aralar Mankomunitateak aurkeztu zuen Enirio eta Igaratzako txaboletara pistak egiteko proiektuari dagokion dokumentazioa. Eremu hori Natura 2000 sarean dagoela gogorarazi du, eta horrenbestez, “edozein plani, programari edo proiekturi bere ondorioen ebaluazio egoki bat” egin behar zaiola, “espazio horietako espeziei edo habitatei modu nabarmenean” eragin baidiezakete.
Orain arte, Aralarko pisten proiektuan ingurumen inpatuaren ebaluazio sinplifikatuaren bideari eutsi diote proiektuaren bultzatzaileek, baina Ingurumen Zuzendaritzak dio kasu honetan “dokumentu tekniko xehatu bat eta inpaktuen ikerketa bat” aurkeztu behar direla. Zuzendaritza hori, Aralarko auzian parte edo interesa duten alderdi guztiekin egon da, eta kontsulta horietan jasotzen da “txaboletarako mendi bideen motordun ibilgailu egokitzapen proiektuak” sor ditzazkeela “eragin nabarmenak ingurumenean”, eta baita Aralarko “kontserbazio helburuetan eta bertako habitaten eta espezieen ongizatean” ere.
Azkenik, Aralarko Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana gogora ekarriz, Ingurumen Zuzendaritzak dio “Enirio-Aralar Mankomunitatearen jarduera esparruari dagokion bide azpiegitura plan bat” egin beharko litzakeela, eta “dahokion ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura” aplikatu behar litzaiokeela. Aralarko mendigunerako sarbideen beharrak “globalki” zehaztu eta “modu integratuan plan osoak eragindako ingurumen afekzio positiboak eta negatiboak” behar bezala ikertzeko aukera eman behar dela dio txostenak.
Aralarko Baliabide Naturalak Antolatzeko Planak, parke naturaleko azalera osoa hainbat gunetan banatzen du. Eta txosten horrek dio, pistaren trazatuaren %80 mendi babesgarrien barrutian dagoela. Gune horietan “ekoizpen muga zurrunak” ezartzen dira, eta “artzaintza mugatzea” edota “zorua mugitzea eskatzen duen lan oro galaraztea” aipatzen ditu txostenak muga horien artean. Salbuespen bat badu ordea plan horrek, eta hori, “sarbideen eta azpieguturen mantenu eta hobekuntza” lanei dagokio. Aurkeztu den ingurumen dokumentuak “jarduera mota horren testuinguruan” kokatzen du pistak egiteko proiektua.
Proiektua
Ingurumen Zuzendaritzaren txostenak, Enirio-Aralar Mankomunitateak aurkeztutako proiektuaren inguruko hainbat xehetasun ere jasotzen ditu. Enirioko eta Igaratzako saroien arteko bidea egokitzea planteatu du, atoidun 4×4 ibilgailuek erabili ahal izateko; horrekin, ganadua erretiratzea eta material nahiz lanerako tresnen garraioa erraztu nahi dute.
Bideak 3 metroko zabalera izango du, eta bataz besteko malda %12koa baino txikiagoa izango da. Lehen zatiak, Enirio eta Doniturrieta artekoak, 1.892 metro ditu. Hortik aurrera, zenbait ibilbide planteatu dira; egokien bezala jotzen denak 2.701 metroko luzeera izango du.
Pista horrek, zerbitzua emango lieke Doniturrieta Azpikoa (2 txabola, 1.035 ardi), Doniturrieta Garakoa (2 txabola, 760 ardi), eta Beasaingo (txabola 1, 255 ardi) saroietako txabolak erabiltzen dituzten artzainei. Ganadu larriari dagokionean, hiru abere talde sendentariori emango lieke zerbitzua. Pagabeko eta Kutixaoko txabolei ere “zeharkako onura” ekarriko liekela jasotzen du txostenak. Bide hori, maiatzetik irailera bitartean, eguneko 5 autok erabili ahal izango lukete aste barruan, eta 7 autok asteburuetan; urtearen gainontzeko hilabeteetan auto kopurua auto 1 edo 2ra jaitsiko lukete.