Kuadrillek kolorez bete dituzte kaleak
Lazkaoko San Prudentzio jaietan, egun handia izan dute gaurkoa, Kuadrillen Eguna. Eguerdi parteko atergunea aprobetxatuta, blusa koloretsuz bete dituzte lazkaotarrek herriko kaleak. Poteoaren ondoren, bazkaltzera joan dira lagun taldeak, eta arratsaldetik aurrera jarraitu du festak. Eguerdian, Lazkao Txirrindulari Proba ere jokatu dute.
Azken parranda eguna izango dute gaurkoa Lazkaon, bihar bukatuko baitira festak. Aurretik ordea, Brinkadeira kale animazio taldea izango da gaur, 19:30ean. Ondoren, 20:00etan eta 23:00etan, Pasarela orkestraren saioak izango dira plazan.
Bihar berriz, Eskualdeko Igeriketa Erakustaldia egingo dute 10:00etan, udal kiroldegian. Eguerdian, 30. Bakailo Lehiaketa izango dute plazan, eta segidan, Urrezko Aizkorako saioa, 13:00etan hasita. Arratsaldean berriz, Dantza Sueltoko 38. Txapelketa (18:00) eta Puro Relajo mariatxi taldearen emanaldia (19:30) izango dituzte, biak ere plazan.