Aralarko larreak zabalik 19.000 abelbururentzat
Enirio-Aralar Mankomunitateko belardi eta larreak irekitzeko urteroko festa egin dute gaur, Larraitzen. Hemendik urrira arte, 19.000 abelburu elikatuko dira bertan. Horietatik gehienak, 17.400 buru, ardiak izango dira; beste 1.000 behi eta 720 behor ere igoko dituzte.
Zerura begira hasi dute eguna Larraitzen bildu diren ehunka lagunek. Tantaren bat edo beste bota badu ere, gehienean ateri eutsi dio, eta eguerdi parterako, giro polita sortu da. Artisau postuak, gazta eta bestelako elikagaiak, eta pintxoak izan dira Larraitzen.
Eguerdian egin dute irekiera ekitaldi nagusia. Aurretik, erakunde publikoetako ordezkariek eta abeltzainek hainbat konpromiso hartu dituzte. Administrazioen izenean, Joxe Migel Santamaria Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakariak eta Arantxa Ariztimuño Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Natura Inguruneko zuzendaria igo dira oholtzara. Erakundeen eta gizartearen izenean aitortza egin diete artzain eta abeltzainei, eta “mendiko larreen aprobetxamendu eta kudeaketan” jarraitzeko eskatu diete. Erakundeak “bidelagun” izango dituztela gogorarazi diete, Aralarko larreen giltza ematearekin batera.
Abeltzainen izenean berriz, Iker Sukia artzain gazteak hitz egin du. “Giltza honekin mendiko larreetako langa ireki eta gure abereak bertara igoko ditugu. Gure lana gure ogibide eginez, zuentzako kutixizko jakiak sortuko ditugu eta larre eremuak denon gozamenerako mantenduko ditugu”.
Oholtzako ekitaldiaren ondoren, langara gerturatu dira agintari eta abeltzainak. Kandadua ireki ondoren, suziria bota dute, eta behi, behor eta ardi talde bana igo dira, larreen irekiera sinbolikoki irudikatuz.