Nafarroako zainzurien hilabetea giro freskoarekin estreinatu da. Negutegiei esker agertzen ari dira barazki berriak, aire librekoentzat giroa ez baita egonkortzen.
Atzo ere eguraldi hotza, 7-8 gradu artean goizeko 8etan eta toki jakinetan izotz puntua zegoenekoa ere aipatu zen. Barazkien emaria ere araberakoa da; nekez datoz datozenak, berotegietan direnak hainbestean, «baina horiek ere ez behar bezala, ilarra esate baterako, bada, baina ez da urte ona izango» adierazi zigun Patxi Arizmendi aramarrak. Hala ere, lurrarekiko lotura estua duen ororen moduan, naturaren indarraz miresmenez hitz egin digu marrubia hizpide hartuta: «Iazko landarea da, moztu gabe ondo garbitzen dut, ihartutako guztia kendu eta larrugorrian uzten dut. Udaberrian bere garaian indartu eta loratzen hasten da». Atzo ekarri zuen Iturrioz etxeko lehen marrubi kaxa, 5 euroan kiloa. Baita laster asko saldu ere. «Inork esan gabe garaian garaikoa egiten dute landareek, eguraldia hotza eta bustia dugu baina beti bezala ari dira igotzen zerbak, borrajak, porruak, bruselazak… Arbolei hostoa atera zaien bezalaxe».
Zainzuria erosteko garaia
Maiatza izango du berea zainzuriak
12 hilabete 12 produktu ekimenaren barnean. Merkatu honetan gertukoenak Ernialdekoak eta Urrestillakoak izan ziren urtetan, baina Izaskun Amiamak eta M. Pilar Unanuek etortzeari utzi ziotenetik bukatu ziren horiek. Orain azoka honetan hurbilenekoa Nafarroakoa da eta ipar Euskal Herrikoetan, Landeetatik ekarria. Atzo Ordizian propio eta apain asko prestatutako postuaren ardura Iriarte familiak izan zuen: Jose Luis aitak Ion Ander eta Asier semeekin. «Laugarren gizaldia dugu merkatu honetan» zioen Jose Luisek, «aitona aurreko mende hasieran bi zaldi eta karroarekin etortzen zen Tolosatik; berak lo hartu eta zaldiek hemen bertan zintzo asko non gelditu ba omen zekitela gure familian kontatzen den pasartea da». Ohitura aldaketa handiak ezagutu ditu Iriartek jaki mota, kopuru eta funtzionatzeko moduari lotuta. Zer pentsa emateko moduko hausnarketak.
Zainzuriei dagokienez, bi mota bereizten dira: gari zainzuria (4,5-5 euroan kiloa) mehe eta berdea dena, eta zainzuria bera. Baina hau ere bi modutakoa izan daiteke, mimikoia, lurretik atera aurretik jasotzen bada zuria da (5,5-8,5 euro kiloa), eta utziz gero hori ere berdetzen da, eta merketxoago saldu ohi da.
Lehen piper minak Nafarroatik ekarritakoak ere izan dira Ordizian, negutegikoak, Lasaren postuan, kiloa 20 euroan.
Ikusten denez, kostata bada ere, ari da udaberri kolorez eta gustuz janzten feria giroa Ordizian.