Sanson proba jokatuko dute larunbatean Segura eta Zerain artean
25 kilometroko proba 16:00etan abiatuko da eta 15,3 kilometrokoa 16:15ean. Paella jateko txartelak erosteko azken eguna da gaur. Goierri Trail Kopako bosgarren proba puntuagarria da
Mendi lasterkariek larunbat arratsaldean hitzordua dute Segurako plazan; Segurako Kirol Elkarteak antolatutako III. Sanson mendi lasterketa jokatuko baita Segura eta Zerain arteko mendietan gora eta behera.
Ohi bezala, bi ibilbide prestatu dituzte. Batetik, 25 kilometrokoa (1.500 metroko desnibel positiboarekin) 16:00etan hasiko da eta lasterketako punturik altuena Harripileta izango da, 883 metrorekin. Bestetik, 15,3 kilometrokoa (800 metroko desnibel positiboarekin), ordu laurden bat beranduago, 16:15ean hasiko da. 18 urte azpikoek derrigorrez egin beharreko ibilbidea motza izango da. Antolatzaileen esanetan, «mendian zehar esperientzia paregabea» izango dute kirolariek. Goierri Trail Kopako 5. proba puntuagarria da.
Lasterketan parte hartu nahi dutenek, kirolprobak.com webgunean eman dezakete izena; proba luzean 250 korrikalarirentzako muga dago eta motzean, 150 lagunentzako. Helmugakoaz gain, 6 horniketa puntu atonduko dira ibilbidean zehar. Lasterketa bakoitzeko sei sari banatuko dira, lehenengo hiru gizonezkoentzako eta emakumezkoentzako: 200, 150 eta 100 euro eta garaikurrak. Aurten ere jokoan egongo da Segurako eta Zeraingo herritarren txapela.
Opari poltsa
Dena den, parte hartzen duten korrikalariek opariz betetako poltsa bana jasoko dute; besteak beste, Oiharte eta Otatza sagardotegien sagardo botila, Aldanondo gaztak eskainitako ardi gazta zatia, lasterketako kamiseta eta afarirako txartela. Hala nahi duten herritarrek ere, korrikalariekin batera, paella afaltzeko aukera izango dute, txartela 6 euroan erosita, Elorripe, Imaz eta Axkueta tabernetan. Gaur da txartela erosteko azkeneko eguna.
Boluntarioak
Lasterketa ahalik eta egokien antolatzeko, ehun bat lagunen laguntza behar dute antolatzaileek. Beraz, larunbatean lagundu nahi dutenek, Ekhi Albizurekin harremanetan jartzea eskatu dute antolatzaileek: 615 713 376.













