Dantzari Txiki Eguna ospatzen ari dira Beasainen
10 dantza taldeetako 450 dantzari inguruk parte hartu dute aurtengo Dantzari Txiki Egunean
Dantzari Txiki Eguna ospatzen ari dira gaur, Beasainen, Loinatz Jaien atarian. Guztira, 10 dantza talde desberdinetako 450 dantzari inguru elkartu dira. Amets Bide (Ordizia), Ereintza (Errenteria), Haurtzaro (Oiartzun), Iztueta (Zaldibia), Lurra (Urretxu), Oin-Arin (Lazkao), Ostadar (Beasain), Tobera (Zegama), Txori-Txiki (Zumaia) eta Aurtzaka (Beasain) Dantza Taldeek hartu dute parte.
10:45ean elkartu dira talde guztietako dantzariak, Dolarea parkean. Handik, 11:30ean abiatu dira herriko kale ezberdinetara, kalejira eta dantza emanaldiak egitera. Horrela ibili dira 13:15ak arte, Loinazko San Martin plazara iritsi eta bertan guztiek elkarrekin dantzatu baitute. Arratsaldeko 16:30etatik aurrera, Gernika pasealekuko pilotalekuan Modestorekin dantzaldia izango dute dantzariek, eguna dantzan amaitzeko.