Idiazabalgo Goiburu gaztandegia izan da irabazle, Euskal Gaztaren Azokan
Jexux Aranburu idiazabaldarra bigarren postuan geratu da. Guztira, 20 gaztagile inguru gerturatu dira azokara, Euskal Herriko txoko desberdinetatik
Idiazabalgo Goiburu gaztandegiak irabazi du Euskal Gaztaren Azokako Gazta Txapelketa. Bigarren postua ere Idiazabalen gelditu da, Jexux Aranbururentzat izan baita. Euskal Herriko txoko desberdinetako 20 gaztagilek hartu dute parte. Gazta dastatu eta erosteko aukera, mami txapelketa, txalaparta tailerra, eta beste hainbat ikuskizunez gozatzeko aukera izan dute gerturatu direnek.
Egitarauari dagokionez, 10:00etan ireki dute gaur azoka. 11:00etan, alde batetik, haurrentzat artzain jolasak antolatu dituzte areto futboleko kantxan. Bestetik, Txapelketa gerrikoiari ekin diote, plazan. Artaldea 12:00etan igaro da herritik, eta ardiei ilea moztu diete ondoren. Idiazabal dantzak ere hiru emanaldi eskaini ditu: bata plazan, bestea Mikel Deunaren plazan eta azkena frontoi zaharrean.
12:30ean egin dute Gazta Txapelketako sari banaketa. Bi idiazabaldarren atzetik, Elgoibarko Mausitxa, Sakanako Albi eta Lekarozko Inpernuko Gasna geratu dira. Bi omenaldi ere egin dituzte: Idiazabalgo Olazagibel baserriko Arantxa Etxezarreta eta Bittoriano Urrestarazu omendu dituzte, batetik, eta Joseba Baez, Arimasagasti gaztandegiko ekintzaile gaztea bestetik. Baezek gazta egiteari utzi behar izan dio, esneak eragindako alergia batengatik.